'Karateka': Irribarre egin eta erlaxatu
Karateka filmaren fotograma bat.Karateka Belodromoa
Filma: Karateka
Zuzendaria: Aritz Moreno (Donostia)
“Pelikula batzuk ez dira publiko guztietarako”. Esaldi horrekin, normalean, Kazakhstango pelikula motel bat dugu gogoan –bide batez, Ayana Nurdinova kazakhstandarraren Mugalim zoragarria ikusi Zuzendari Berriaken–. Nire kasuan, ordea, alderantziz gertatzen da: “Publiko guztietarako” pentsatuak diren horiek, ez dira, normalean, niretzat. Aurreikusgarritasun oro gainditzen dute klixe eta txiste txar artean. Gertatu zaizu inoiz, malko artean bere bizitzako drama handiena kontatu, eta gero txiste bat egiten duen horrekin egotea? Horixe Karateka filmaren denbora gehienean.
Karateka-ren istorioak baditu masa kulturarako osagai magiko guztiak. Sandra Sanchez Espainiako karatekaren benetako historia kontatzen du. Nola gazte-gaztetatik, dantza egin ordez, karateka aukeratu, eta Espainiako selekziorainoko bidea egin zuen, marka guztiak hautsiz. Bere ama, ordea, minbiziz gaixotu eta utzi behar izan zuen lehia urte luzez. Entrenatzeari ez zion sekula utzi, eta urte batzuk beranduago, 31 urterekin berriro ere lehiara itzultzeko prestatu nahi du.
Espainiako selekzioko arduradunak erdi-matxista, erdi-harroputz, bere esku dagoen guztia egiten du Sanchez itzuli ez dadin (“Behin utzi duenak berriro ere utziko du”). Honela, kirol munduan “superazio pertsonalaren” alorrean jartzen da filma. Noski, lortzen du lortu nahi dutena: Sandraren ibilbidea jarraitzen duzu, gertu gertutik, Kata modalitateko munduko txapeldun bihurtzen den arte. Ez hori bakarrik. Sanchez izendatu zuten historiako Kata modalitateko emakumerik onena. Non eta Japonian, bertakoa den arren tradizioa.
Filmaren helburua horixe bera da. Aldez aurretik zin egin diguten garaipenaren bidean laguntzea “muga eta traba guztiak” jasan dituen kirolariari. Pentsa zenezake emakumearen ahalduntzearen inguruko film feminista tipikoa dela. Ba, hori ere ez. Komentario solte batzuez harago, ez da genero banaketa argirik ageri. Hori bai, gizonek kontrolatutako mundua dela, gizonen logika aspergarrian, hori argi geratzen da.
Andrea Ros aktorearena da filma eustearen lana eta meritua. Bere eraldaketaren parte bihurtzen gara, eta konfiantza irabazten doa, borrokalari gero eta hobea bihurtzeraino. Berdin bere lehiakide japoniarrarekin. Kasu horretan, kontrakoa. Hotz eta garaiezina da hasieran, hauskor eta negartia amaieran. Sensei jakintsuak esaten du: “Japoniak ez du inporta, karateak inporta du”. Ai, oxala berdina esan izan balute Espainiarekin!
Gidoiarena da, aldiz, filma erortzearen ardura. Karateaz gain, ezer gutxi erakusten da –eta, ziurrenik, karateaz zerbait dakienarentzat hori ere ez–. Zer gertatzen da gizonezko entrenatzailearen alabarekin? Zer Sandraren bizitzako beste alderdiekin? Zergatik ez daude gutxienez bi emozio kapa? Zertarako ekarri “smile and relax” hau, batere “smile and relax” ez den testuingurura? Zen filosofiari buruzko pelikula entretenigarri on bat nahi bagenuen, bagenuen jada Kung-fu panda.

