Txuri Urdineko neskek gol festarekin abiatu dute liga
Mutilek, ordea, galdu egin dute Bartzelonaren pistan, eta Realeko belar hockey taldeak ere huts egin du estreinakoan. Futbolean, berriz, neskek berdindu eta mutilek irabazi egin dute.
Txuri Urdin eta Tartalo taldeen arteko partida bat.Txuri Urdin Ondo baino hobeto hasi du liga Txuri Urdineko nesken izotz hockey taldeak. Gasteizen jokatu zuten atzo estreinako partida Tartaloren aurka, eta ondo jokatuta menderatu zituzten (2-9). Hainbat aldaketa izan dituzte donostiarrek. Esaterako, Josemi Ruiz de Galarretak hartu du Irene Senac entrenatzaileak utzitako hutsunea. Bestalde, Iara Haiek eta Haizea Fernandez jokalariak bueltatu dira, eta Paula Marina fitxatu dute. Txuri Urdineko mutilek, berriz, galdu egin zuten Bartzelonaren pistan jokaturiko estreinakoan (4-0).
Belar hockeyan, Realak ezin izan zuen Sanse Complutense gainditu ligako lehen jardunaldian (0-2). Neurketa parekatua jokatu arren, zati bakoitzean gol bana jaso zuten, une txarrenetan. Berdintzen eta aldea gutxitzen ahalegindu arren, ezin izan zuten.
Futbolean, Realeko mutilek etxetik kanpoko bigarren partida irabazi zuten, modu berean. Hau da, azken minutuetan eginda garaipenaren gola. Elxen gertatu moduan, Valentziaren zelaian arerioa menderatu zuten, berdintzeko eta galtzeko aukerak izan arren (2-3). Lehen zatian askoz ere hobeak izan ziren, markagailuan aurreratu ziren Luka Sucicen zartako ikusgarri batekin, baina ez ziren gai izan neurketa erabakita uzteko. Etxekoek berdindu ostean, txuri-urdinak berriz ere aurreratu ziren, Carlos Solerrek penalti bidez egindako golarekin. Ordea, Valentziak ez zuen amore eman, eta bigarrenez berdindu zuen neurketa, Luken Beitiak bere atean sarturiko golarekin. Jokaldi horretan, epaileek ez zuten jokoz kanporik adierazi nahi izan, eta zelai barrutik egindako alboko sake bat ere ez zuten berrikusi. Zorionez, luzapen denboran Ander Barrenetxea donostiarrak egin zuen garaipenaren gola, beste zartako eder bati esker. Reala hamar punturekin eta zortzigarren tokian iritsi da selekzioen etenaldira.
Realeko neskei dagokienez, sasoiko lehen garaipena lortu ezinda jarraitzen dute. Saiatu arren, eta irabazteko gaitasuna baduten arren, ez dute asmatzen. Oraingoan, Badalonaren etxean berdindu zuten, golik gabeko partidan (0-0). Sailkapeneko hamalaugarren tokian daude, putzuan, soilik bi punturekin.
EMAITZAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 1. jardunaldia
- Tartato 2 – Txuri Urdin 9
Gizonezkoen lehen maila, 1. jardunaldia
- Bartzelona 4 – Txuri Urdin 0
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 1. jardunaldia
- Reala 0 – Sanse Complutense 2
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 4. jardunaldia
- Badalona 0 – Reala 0
Gizonezkoen lehen maila, 7. jardunaldia
- Valentzia 2 – Reala 3

