'La bola negra': Gure 'abuelek' zekitena jakin dezala mundu guztiak
La Bola Negra filmaren pasarte bat, Guitarricadelafuente aktorearekin.Zinemaldia Perlak
Filma: La Bola Negra
Zuzendariak: Javier Calvo eta Javier Ambrossi.
Hiru gizon homosexualen bizitzak nahasturik. Sebastian 1937, Carlos 1932 eta Alberto 2017. Espainiako 36ko gerra, Federico Garcia Lorca eta belaunaldi arteko trauma lotzen dituzten hiru istorio. Sekuentziaz sekuentzia gerturatzen doaz, bakoitzak bere kabuz duen trama askatu gabe.
Federico Garcia Lorcari maitasun film bat da. Hor ez dago zalantzarik. Eta poesiaren eta bizitzaren zaleok, faxismoa gorroto dugunok eta artea maitatu, ezin dugu keinu hori txalotu besterik. Amaitu gabeko antzezlan horren atzean dagoen borroka guztia ezagutzea. Izan ez zen Espainia irudikatzea. Bizitzeko gogoa eta borroka berriro ere sentitzea.
Jon Maia ez dut ekartzen nik sarritan lerro hauetara. Baina maiatzeko euria bezain ondo datorren esaldi ederra egin zuen: “Gure abuelek bazekiten Lorca hil zutenek hil zutela Lauaxeta”. Film honi esker, belaunaldi berriek jakin dezakete hobeto Lorca nork hil zuen: Faxismo deitzen diogun indar erraldoi hark, burgesia eta herri langilea batzen duen gorroto izugarrikeria garaikide horrek. Oroitu dezatela ere Miguel Hernandez, Lauaxeta, eta behin jarrita, Sarrionandia eta Roque Dalton, eta zergatik ez, Ceutan eta Bidasoan mugan dauden poeta izengabeak.
Eta behin Maia zitatuta, berak superpotentzia emozional gisa irudikatu nahi izan zuen Euskal Herria. Film hau superprodukzio emozional bat da, ezbairik gabe; zalantzarako edo posizionatzeko tarte txikiena uzten ez duena. Dena murtxikatuta ematen dizu. Behin poesiarekin hasita, zergatik ez ekarri Benedetti gurera eta “debekatu behin betiko injustua dena aukeratzeko askatasuna, eta zentzu horretan, Jainko Aita bera baino sektarioagoak izan gaitezen”.
Gerrari buruzko film queer gisa izendatu dute Los Javisek La Bola Negra. Belaunaldiz belaunaldi jasan behar izan den izan den zama: “Ez naiz sartuko zure bihotzean, baina ateetatik kanpora egin ezazu egin beharrekoa: gizon bat zara!”. Homosexual izan edo ez, gizon izatearen zamak ekarri dizkie horrenbeste desgrazia gizonei, emakumeei, lurraldeei eta handi egiten gaituen edozeri. Gerraren arrazoi ezkutu guztien atzean baitago agindu hori bera: “Gizona izan!”. Penelope Cruz super zoragarriak laguntzen du mezua zabaltzen: “Trabestismoa da aukeraren fantasismoa; eta gerra, guztiz kontrakoa”.
Amaiera apoteosikoa du filmak. Elurraren poesia guztia bere indarrarekin sartzen da barruraino. Eta hor datoz Lorcaren ahotan, mezurik esplizituenak: “Ez naizela bizi izan sentitzen dut; orduak ez dira nireak izan. Oraina besterik ez dago”. Belaunaldi gazteentzako eredu queerrak eskaintzea da filmaren asmo agerikoena. Izan dadila ere poemak sortzeko, zinema aretoetatik kanpo indar atzerakoiei aurre egiteko.

