Herrerako geltokiko igogailua martxan jartzea lortu dute
Herrerako tren geltokiko igogailua, Herrera pasealekuaren aldekoa.Donostiako Udala Udako azken egunean, irailaren 23an, Herrerako tren geltokiko igogailua martxan jarri du Donostiako Udalak; Herrera pasealekuaren aldekoa. Horrela, iragarritakoa bete dute, udarako erabilgarri egongo zela adierazi zutelako. Dena dela, gogoratu behar da urte eta erdi zeramala geldirik, matxuratu zenetik. Konpontzeko eskumenekin aurrera eta atzera ibili ondoren, zerbitzua berreskuratzea lortu dute.
Gaurtik aurrera, beraz, erabiltzaileei eta inguruko bizilagunen aspaldiko eskariari erantzuna emango diete, eta, auzoko gune estrategiko baten irisgarritasuna hobetuko dute. Izan ere, igogailu berri horrek geltokiaren ondoan dagoen desnibela gainditzeko aukera ematen du, eta joan-etorriak errazten ditu, batez ere mugikortasun urriko pertsonei, adinekoei edo haurrentzako orgak dituzten familiei.
Udalak zehaztu du “luze” landu duten prozesu baten “amaiera” dela. “Geltokiari lotutako erabilera publikoko elementuak bere gain hartu aurretik, udalak beharrezko konponketak egiteko eskatu zion Renferi, besteak beste, kalteak konpontzea, igogailuaren berrikuspen teknikoa eta instalazioetako eta segurtasun sistemetako doikuntzak. Hemendik aurrera, udala arduratuko da erabilera publikoko elementu horiek kontserbatzeaz, mantentzeaz eta funtzionamenduaz, dagozkion auditoretza tekniko guztiak egin ondoren”, azaldu dute udaleko iturriek.
Artzain Ona
Herrerako igogailua martxan jartzeaz gain, irisgarritasun eskaera historiko bati erantzuteko beste proiektu bat bideratu du udalak, Artzain Ona katedraleko aparkalekuan. Proiektuak gaur egun aparkalekuaren barruko solairuak lotzen dituen igogailua plazaraino luzatzea ahalbidetuko du, bide publikoarekin zuzeneko lotura sortuz.
Lan horiek egiteko ardura duen enpresa emakidadunari dagoeneko eman diote dagozkion lanak egiteko lizentzia. Irteera berria Artzain Onaren plazan kokatuko da, San Martinen ondoan, eta kale horretan sortuko den oinezkoentzako espazio berriaren inguruan integratuko da.

