Ibaeta Basketek babesletzak berrituta ekingo dio denboraldiari
2026-2027ko denboraldiko Ibaeta Basketen taldea, Gaskan.Ibaeta Basket Donostiako Ibaeta Basket saskibaloi taldeak sasoi berriaren aurkezpen ofiziala egin zuen atzo, IDK Elektronikaren egoitzan. 2026-2027ko denboraldia babesletzak berrituta abiatuko dute. Izan ere, Mirai Euskotren izango da deitura berria. Dena dela, hautatu duten leloak haien esentzia zein den nabarmentzen du: Izen berria, bihotz berdina. Beti Ibaeta.
Hamalaugarrenez parte hartuko dute emakumezkoen liga gorenean, eta horretarako gogotsu daude. Urriaren 3an jokatuko dute lehen partida Lugoko Ensino taldearen pistan. Aldiz, urriaren 9an izango da Gaska kiroldegiko aurreneko neurketa, eta Celta izango dute arerio.
“Garen kluba izaten jarraitu nahi dugu, gure lurrari, zaleei eta urte hauetako balioei lotuta, eta, aldi berean, anbizio handiagokoak izan nahi dugu, 2030erako pabiloi berriarekin. Hala ere, hamalau urte lehen mailan ematea normalizatu dugula sentitzen dut, eta hori da denetan zailena”, adierazi zuen Carmen Muguruza presidenteak. Era berean, etorkizunari begira jarri zen: “Aro berri bat hasi dugu, izen berri batekin, ilusio handiarekin, baina nor garen eta nondik gatozen ahaztu gabe, gure esloganak dioen bezala”.
Aurkezpenean, Iñaki Gabarain Donostiako Udaleko Kirol zinegotzia eta Goizane Alvarez Gipuzkoako Kirol diputatua izan ziren, babesleen ordezkariekin batera. “Gipuzkoarentzat oso garrantzitsua da emakumeen kirolaren hiria izatea, eta horregatik harrotasun handia ematen digu hamalau urtez jarraian elitean talde bat izateak. Gaskak partidetan sortzen duen giroa inspirazio iturri da. Etxeko kluba da, gauza handiak egiten jarraitzeko ausardia duen familia”, esan zuen Gabarainek.
Hamar jokalari
Azu Muguruza Ibaeta Basketeko entrenatzaileak hamar jokalari izango ditu bere aginduetara: Irene Murua (1), Imani Tate (2), Veronika Remenarova (4), Maria Eraunzetamurgil (5), Lara Gonzalez (8), Paige Robinson (14), Gedna Capel (22), Khadija Faye (23), Itziar Ariztimuño (31) eta Sacha Washington (35).

