'Sacamantecas': Gizon biolento bat gehiago
Sacamantecas filmaren fotograma bat.Sacamantecas Sail Ofiziala
Filma: Sacamantecas.
Zuzendaria: David Perez Sañudo.
Pentsatzen dut jada inork ez dituela umeak izutzeko istoriorik kontatzen –beldurrarekin adiskidetzeko tresna itzela omen den arren–. Eta are gutxiago umeak izutzeko asmoz esaten: “Badatorrela Sacamantecas!”.
Folklore eta fantasiaz gain, garai batean benetako beldurra eta arriskua eragin zuten gaizkileez babesteko sortutako izena zen Sacamantecas. Gasteizen izan zen bat: Juan Diaz de Garayo. Guztiz argi ez dagoen arren, hamahiru emakume hil zituela esaten da; gehienak, aurrez bortxatu eta lepotik itota. Gizon makur horren historia da honako hau, eta, nola gerra karlisten testuinguruan, biolentziak eta eguneroko bizitzak bat egiten zuten.
Benetako gertakarietan oinarritu arren, fikzioa da eta benetako historiaren pasarte batzuk saltatu egiten ditu. Behin horrela jarrita, akaso interesgarriagoa zen Sacamantecasaren azalean gehiago sartzea. Ikertzea zer eramaten duen gizon biolento bat, behin eta berriro, horrelako makurkeriak egitera. Higuina eragiteraino. Gerraren albo kalte bat da gizonen eromena eta biolentzia? Betidanik dator? Zein puntutan bihurtzen da biolentzia hori onargarri, eta non da onartezin? Okerragoak al dira kale bazterretako hiltzaileak gerrak asmatzen dituztenak baino? Zenbat emakume bortxatu zituzten karlistaldietan? Zergatik ez zuten emakumeek prostituzioa beste biderik miseriazko Gasteiz hartan?
Aparta da zuzendaritza eta aparta aktoreen lana. Hildako emakume baten ahizparen rola egiten du Patricia Arnaizek, eta bere ohiko antzezlan bikaina ekartzen du: kausa noblearen alde gau eta egun borrokan dagoen emakume sufrituarena. Filmak, ordea, tentsio puntu txiki batzuez harago, trama ahul xamarra dakar, aurreikusgarria zentzu guztietan.
Denetarik behar dugu, hori halaxe da. Batzuetan, formara estuki lotzea besterik ez dago, istorio ilun bat argitara emateko. Perez Sañudoren gogoetak ere berebiziko garrantzia du: Sacamantecas oroitzen duen plaka bat dago Gasteizen, haren biktimez ez dakigu ezer. Horretarako, ordu eta erdiz bada ere, balio du pelikula honek.

