'Txakun txakür': Haurrak entzun ditzagun, jakiteko nola izan heldu
'Txakun txakür' filmaren fotograma bat.Txakun txakür Zinemira
Filma: Txakun Txakür
Zuzendaria: Elsa Oliarj-Ines
David Trueba zinemagileari galdetu zioten elkarrizketa batean ea espainiar zinema existituko litzatekeen diru laguntzarik gabe. Bere erantzuna azkar biralizatu zen: “Noski existituko litzatekeela. Ez litzatekeena existituko izango ziren automobil fabrikak. Zinema egiten da Palestinan, Bolivian, Ekuadorren… Zinema pultsio narratibo bat da”. Beste herrialdeen errealitatearekin apur bat paternalista dirudien arren, badago mugitzen nauen ideia bat: Zinema egiteko beharrezkoa dena ez dira aurrekontu handiak, gogo eta bizi grina handiak, baizik.
Ez nator ni zinema edo artea dohainik egin behar dela aldarrikatzera. Baina Txakun Txakur filmak erakusten du aurrekontu handirik gabe badagoela zer kontatua. Ideia onak eta gogoak gai direla, batzuetan, superrekoizpenen ondoan zer esana emateko –alderaketak albo batera utzita–. Maia Iribarne eta Paxkal Irigoienen Bañolet-ekin ez gogoratzea ezinezkoa da.
Anbizio handia duen pelikula txikia da. 8 urtez aritu zen Zuberoako herri bateko haur eskolako jolas garaia filmatzen. Haur horiek hazten ikusten ditugu, beraz. Eta urteetan errepikatzen diren dinamikak nola biderkatzen diren ikusten dugu. Harrigarria da gizateriaren betiereko itzuleraren irudimena. Zuzendariak berak kontatzen du ikastola horretako jolas lekuan, bera, baztertua izan zela. Ikusten dugu nola urtez urte neskato bat baztertua den. Emeki batzuetan, indarrez besteetan.
Ez da bullying-ari edo eskola jazarpenari buruzko dokumental gisa ikusi behar. Giza dinamika unibertsalei buruzkoa baita filma. Une batean ez ditut haurrak ikusten nik. Pertsona helduak baizik, nork bere beldurretatik beste erasotzen, nork bere beldurrak jasan ezin, taldeko guayena, indartsuena, jazarleena izateko asmotan.
Haurrak entzutea beste erremediorik ez dugu giza arazoak ulertu eta hobetu nahi baditugu. “–Zergatik barkatu duzu? –Goxoago da honela. Ez dut beti borrokan egon nahi. –Non sentitzen duzu barkamena? –Gorputz osoan”. Haurrek asko dute esateko, eta tamalez, guk, ikasteko. Film honetako haurrak entzutea beste erremediorik ez dugu, geure haurrak ulertu, eta elkarrekin aurrera egiteko. Esaera eskandinaviar bat omen: inoiz ez da berandu haurtzaro zoriontsu bat izateko.

