Zinemaldi baten bitakora | Bosgarren alea
'Noor: cocinar pasados posibles' dokumentala.Zinemaldia Zinema festibal batek egin behar lekieke leku mota ugaritako pelikulei. Ez baita plano finkoaren eta isiltasun luzatuen bidetik etortzen soilik sakontasuna. Aniztasuna eskaintzeak goratu egiten du egunotan bizi dugunaren gisako jaialdien kalitatea, ene ustetan. Bide horretatik letozke komedia arinagoak, thriller misteriotsuak, westernak edota beldurraren lurraldeetan barreiatzen diren proposamenak. Istorio pisutsu eta ilun tankerakoen zabalkundearen altzoan –ikusi ditugu egunotan Fatherland, Krux, Body of glass eta beste; guztiak dramaren hizkuntzan onduak–, eskertu egiten du batek aire apur bat, zinema komunitatea eratzeko abagunea ere badela sentitzeko unetxo horiek: unisonoan entzun ohi diren barreak, algara partekatu hori. Rebordinosek Zinemaldiko buru dela bere azken urtebetetzea ospatu duen astearte honetan, izan da beste molde horietatik sortutakoak dastatzeko aukera, Jose Ramon Soroiz handiaren Zinemira saria ospatzeaz gaindi.
Badiot dastatzearena, gazitik baino gozotik gehiago duen saila ireki zelako atzokoan. Hamabost urte bete berri dituen Basque Culinary Centerrek, gastronomiaren fakultate loriatsuak, eta Zinemaldiak beste horrenbeste edizio daramatzate Culinary Zinema sekzioa kozinatzen. Bertan, urteen poderioz, munduko gastronomia ezberdinen erakusle apartak diren sukaldari zenbaiten proiektuak ezagutu ahal izan ditugu. Atzokoan zioen Xabier de la Maza donostiarrak, sailaren koordinatzailea berau, badirudiela jaialdiaren atal honetako pelikulen ostean Aieteko eraikinean ospatu ohi diren afarien sinesgarritasuna dudan dagoela. Ezta gutxiagorako, Bruce Springsteen Easo Ederrera agertzen den oro sortzen den ikusminaren parekoa eratu ohi baita Culinaryko sarrerekin. Agortua papera bost minutuan. Baina, esan gisan, hautsi beharrekoa da mitoa; afariak egin egiten dira eta berauetan, beti aurkezten zaizkigu menu elaboratu eta finak gonbidatuoi.
Gaztetan, promesa handia izana Morales, erakusten digu filmak bere lehen esperientzia profesionalek ez zutela izan nahi adinako arrakasta
Lehen egun honetan, Kordoban jaiotako Paco Morales chefaren ibilbide bital zein profesionala ezagutu ahal izan genuen. Noor: cocinar pasados posibles dokumentalak erakusten digu hiri andaluziarrean kokatzen den eta izen bera duen jatetxearen egungo hiru Michelin izarrak eskuratzerako, sukaldariak zein bere bikote eta laguntzaile den Paola Gualandik trazatu duten bide ugaritan konplexua. Maisu handienen altzoan gastronomikoki hezia –Andoni Luis Aduriz eta Ferran Adria izan ditu mètre Moralesek–, beraien etxeetan bizitako esperientziak blaitzen du kontakizuna. Ostalaritzarekin erlazio zuzena zuen familia batean jaio zen Morales; bere gurasoek ere mundu horren baitan egin zuten lan urte luzez. Roca familia ezagunarekin gertatu bezala, hemen ere belaunaldiz belaunaldi gastronomiak transmisio tresna izateko duen gaitasuna azaltzen zaigu. Gaztetan, promesa handia izana Morales, erakusten digu filmak bere lehen esperientzia profesionalek ez zutela izan nahi adinako arrakasta. Erori arren, berriro jaiki eta jarraitzearen garrantziaz mintzo zaigu, Andaluziako kulturaz zipriztinduta dagoen dokumental mamitsua.
Zinema aretoan gauzatu zen lehen atala, ohiturari jarraituz. Eta betiko lez, askok sinetsi ez arren ere, plater pila baten itxura duen sukaldeko unibertsitatean bigarrena. Morales bera sukaldearen kapitain, noski. Berenjena eta kabiarrez osaturiko zizka-mizkekin ekin genion esperientziari, urtero bertan topatu ohi garenon hitz aspertuei ekiten genien bitartean. Pepino beteen mokadutxo mikatzagoak jarraitu zion, aperitiboen alorrean, arestian aipatutakoari. Kopa bat eskuan ginela, pelikulari buruzkoak aipatzen aritu ginen. Beti egon ohi da ikusmina, ea filmean ikusia mahaian erreplikatuko. Eseri ginen bada bertan, altzoan nor izango genuen jakin nahian. Izan ere, enkontru ausazko horietatik eratorri ohi dira konbertsazio benetan mamitsuak. Gure kasuan, hantxe ziren 30 urteak pasa gabeak zituen bikote gaztea, saileko beraien lehen esperientziaz gozatzeko asmoz. Baita, edadean jada sartuagoak zeuden Zaragozatik etorritako emakume parea. Haien dotorezia finduaren parean, mahaiko gazteenon itxurak informalegia zirudien.
Aurtengoan, Isabel Coixet zuzendaria du buru sekzioko saria erabakiko duen epaimahaiak eta haiek kafea irensterako egin zuten alde, han entzunak ez zitzaten kondizionatu. Epaitzearen ajeak, edo
Baina hortxe magia, mestizajean, topaleku inprobisatua zukutzean. Mahaia osatzen zuten beraien ahotan sekzioko beteranoenetarikoa zen hirukoak. Urteak omen zeramatzaten afarietara hurbiltzen. Neuk ere badaramatzat zenbait edizio, baina haien klubean sartzeko, oraindik, koska falta. Lehen platerarekin han zetozen, Culinaryko ikasle gazteak. Beraientzat ere aukera aproposa da Zinemaldiko atal berezi honek eskainia. Chef handienen lana ezagutu eta gau batez beraiekin kolaboratzeko abagunea izan ohi baitute. Lehena, pistatxoz ondutako mamia, ganben eta almendren akonpainamenduarekin. Mokadu freskagarria ahoan, plater segida irekitzeko aparta. Ostean, berduren menestra saltsa horiz lagundua. Bikaina, hemen, produktuaren kalitatea. Gordintasun puntu justuarekin, ahoan bikain batzen ziren barazkia zein likido lagungarria. Ordurako izotza hautsia zen mahaikideen artean. Azken egunotan ikusitako pelikulei buruzko iritziak, aurreko edizioetako anekdotak eta norberak etxetik dakarren grazia propioa nahasten ari ziren dagoeneko.
Plater printzipala, ahatea, gerezien saltsa gustagarri batez hornitua. Haragiaren puntua bikaina, bere freskotasuna errespetatuz. Postreen talaiara iritsiak ginen, pelikulan ageri zenetako bat gure parean ezarri zigutenean. Baldosa baten itxura zuen –zeramikaren arte andaluziarra presente– txokolatearen aurrekari izaniko algarrobo lekekin eginiko azken pase delikatu eta gozoak. Kafeekin batera etorri ohi da lanean aritu direnei txalo zaparrada kolektiboa eta, hala nahi izan ezkero, galderaren bat egiteko aukera. Aurtengoan, Isabel Coixet zuzendaria du buru sekzioko saria erabakiko duen epaimahaiak eta haiek kafea irensterako egin zuten alde, han entzunak ez zitzaten kondizionatu. Epaitzearen ajeak, edo.
Esana, dena ez dela drama. Sukaldetik etorri ohi da gurean poza.

