'NAZA': Gaizkiaren hutsaltasuna, Israelgo armada
'NAZA' filmaren fotograma bat.NAZA Perlak
Filma: NAZA
Zuzendariak: Yuval Abraham eta Rachel Szor
Gorputza dardarka eta oraindik erdi malkotan idatzi behar kritika hau. Gutxitan ikusiko ditu ikusleak, dokumental honetan bezala, gizateriaren alderik makurrenak hoztasun honekin. “Erabateko anonimotasunean” grabatu dituzte 24 militar eta militar ohi israeldarrekin elkarrizketa hauek, Tel Aviveko teilatuetan, “inork ikusi ez ditzan”. Ahotsa ere aldatu diete digitalki, “Ekialde Hurbileko estaturik demokratikoenak” jazarri ez ditzaten.
NAZA terminoak albo kaltea esan nahi du Israelgo inteligentzia zerbitzuen hitzetan. 5 naza, 20 naza, 200 naza eta 500 nazako operazioak baimentzen zituzten. Hamaseko kide bat hiltzeko asmo justifikatuak justifikatutako naza kopurua mugagabea da. Nazak ez du bereizten heldua den edo haurra den.
Palestinarrak erabat kontrolaturik daude haien mugikorretara sarbidea erabatekoa duten militarrengandik. “Bere argazkiak ikusten hasi nintzen, eta ikusi nuen 3 eta 6 urteko alabak zituela”, kontatzen du militar batek, erail zuten familia bati buruz hizketan. Zelatatze sistemak inoiz baino zehatzagoak dira, eta etsaia fabrikatzea inoiz baino errazagoa: “Hiltzen baditugu, orduan terroristak dira”.
Mugikorretatik biztanleria osoa nahieran zelatatze hori, ordea, ez da horren urrutikoa. Pelikula hau zintzotasun apur batekin begiratuta, ezin ditugu gure poliziak ez ikusi: Ertzaintza, Espainiako Polizia, Guardia Zibila, jendea zelatatzen, terroristak fabrikatzen. Gaia sobera aldatzea dela badakit, baina ezin ahaztu kantu zaharra: borreruak baditu milaka aurpegi.
Nazismoaren gaiztakeriak hamar koska igo ditu Israelen –haiei ere atera zaie konparaketa–. Orain, Adimen Artifizialaren laguntzaz egiten dira erasoak: “Bideo-joko baten modukoa da”, dio batek. “Oso dibertigarria da”, dio besteak: “Misio bat betetzen duzu, eta poztu egiten zara, eta gero beste misio bat…”.
Hannah Arendtek jaso zuen argi eta garbi gaia Eichmann Jerusalemen liburuan dokumentalaren muina –esan dezakegu saiakera horren filma dela hau–. Eichmann militar naziak bere karrera hobetzeko desiraz gain, ez zuen antisemitismo edo kalte psikologikoaren arrastorik erakutsi. Halaxe, soldadu israeldarrak bezala, “sistemako pieza bat” besterik ez zen, “sisteman konfiantza osoa” zutena: Hori izan zen Alemania nazian eta Israel sionistan, gaizkiaren hutsalkeria.
Estatistikak eta zenbakiak dira militarrentzako palestinarren bizitzak. Gorrotoa motorra. Dokumentalean nazka eta amorrua sentitzen dituzu gizateria nora iristen den ikusita. Amaieran, bihotzean zerbait hausten da ikustean ezetz. Ausaz hil dituzten ehunka, milaka, palestinarrak, hezur-haragizkoak zirela.

