Realak Zubietan egin beharko ditu golak
Txuri-urdinek hutsean berdindu dute Heart of Midlothian eskoziarren kontra, Europa kopako final-hamaseirenetako joanekoan (0-0).
Cecilia Marcos donostiarra, Realaren eta Heartsen arteko norgehiagokan.Reala Ate aurrean asmatu ezinda jarraitzen du Realak. Gola da soilik falta zaiona konfiantzarekin aurrera begiratzeko. Ezustean gertaturiko entrenatzaile aldaketak taldea jota utzi zuela dirudi, denboraldiaurrean joko maila ona erakutsi zutelako, eta, batez ere, golak egin zituztelako. Aldiz, denboraldia hasieran, geroz eta hobeto jokatzen ari dira, baina golik egin gabe.
Horren ondorio gisa har daiteke atzo Europa kopako final-hamaseirenetako joanekoan gertaturikoa. Edinburgon (Eskozia) jokatu zuten Heart of Midlothian taldearen aurka, eta txuri-urdinek partida ona egin arren, berdinketarekin konformatu behar izan ziren (0-0). Aukera garbiak izan zituzten, baloi bat zutoinera bidali zuten, eta, tamalez, luzapenean adierazi zieten penaltia huts egin zuten. Maiz esaten den moduan, horrelakoa da futbola. Golik egin ezean, irabaztea ezinezkoa da.
Beraz, Zubietan erabakiko da kanporaketa, datorren asteko asteazkenean, hilaren 30ean. Eskozian huts egindako guztiarekin asmatzen badute, Europa kopako final-zortzirenetara pasatuko dira.

