Zinemaldi baten bitakora | Seigarren alea
'The Debut' filmeko fotograma bat.Zinemaldia Bitakora batek balio izan ohi die itsas zabalean nabigazio betean direnei eginikoak erregistratzeko. Maniobrak, aurkitutako arazo espero gabeak, koordenada zenbait bidaiaren jarraipenerako. Nabigazio zinemazale hau ari da apurka-apurka iristen bere amaierara eta egunotan idatzi ditudanetan nabarmendu nahi izan ditut filmen ozeano honen fenomenorik aipagarrienak. Baina proiektorea ez da oraindik itzali. Egon lasai, zinema gosez zabiltzan zale hori, azken txanpa izanagatik ere baditu eta Zinemaldiak zuretzat zenbait sorpresa gordeak. Bata, palmaresaren ezagutza bera izango da. Ira Sachs estatubatuarrak gidatzen duen epaimahaiak ostiralarekin batera behatuko ditu lehiaketara aurkezten diren azken filmak. Beti galdetu ohi diot nire buruari, ez ote diren gehitxo –lehiaketaz gaindikoak kontuan izanda, baita ere– sail nagusienean sartzen dituztenak. Geratu ohi da bat hiru-lau pelikularekin akorduan, ez askoz gehiagorekin.
Eta selekzio gogoangarri horretan sartzeko modukoa iruditu zitzaidan asteazken goizean ikusitako The Debut, Jesse Eisenbergek bikainki idatzi eta zuzendutako komedia amerikarra. Tragikomikotzat ere jo genezake, egiaz, Julianne Moore protagonista duen zinta. Azken honek bertan egiten duen lanak zuzenean sari denboraldiko aipamen guztietara katapultatuko du Moore. Honatx Eisenbergen premisa: etxekoandre edadean sartu bat musikal baterako castingera aurkezten da, bere konfort eremutik irten nahian. Emakumeak, bere familia giro monotono eta grisaz gaindi, ez du sekula antzoki bateko oholtza zapaldu. Pentsatuko duzue zein den emakumea casting horretan hartzen duen musikaleko zuzendariaren erreakzioa. Nondik atera da hau? Paul Giamatti ere itzel dago, zuzendari exijente, baina, finean, bihotz onekoaren paper boteretsuan. Moore eta Giamattiren arteko harremanak egundoko gorabeherakoak izango ditu istorioan zehar. Hasieran, emakumeak entseguetan erakutsitako maila kaskarrarekin haserre, arbuiatu egingo du zuzendariak Mona Friedman, Moorek interpretaturiko etxekoandrea.
Freskoa, dibertigarria eta gidoi fin batekin maisuki eraikia, ezbairik gabe [‘The Debut’ filma]. Sail Ofizialean ikusitakoen artean, bati buruan geratu ohi zaizkion horietan leku bat aise lortu zuen pelikula
Baina Friedman honek antzerkiaren benetako mamiarekiko erakutsitako konpromisoak –beste bizitzetan barreiatzea norbera, azaleko poroak zabalik izatea–, bukaeran txunditu egingo du Giamattik interpretatutako Jerry zuzendaria. Barre algara ederrak partekatu genituen Kursaaleko goizeko pasean elkartu ginenok. Izan zen txalo zaparrada espontaneo bat ere, proiekzioaren erdian, Mooren lanak guztiongan eragin zuen harridura eta onespenaren erakusle. Gozotasuna, lotsa, samurtasuna, beldurra. Erregistroen kaxa amaiezina begitantzen zaio aurpegian aktoresa bikain honi. Ez izan dudarik bere bigarren Oscarra lortzeko zorian izango dela Hollywooden ospatuko den hurrengo sariketan. Musikaz josita dago filma gainera, erritmo propioari beste puntu bat eskainiz. Freskoa, dibertigarria eta gidoi fin batekin maisuki eraikia, ezbairik gabe. Arestian aipatu gisan, Sail Ofizialean ikusitakoen artean, bati buruan geratu ohi zaizkion horietan leku bat aise lortu zuen pelikula.
Komedia itxuraz arin baina funtsean ideia interesgarriz hornitutako honen ostean, Horizontes Latinosko pelikula berri bat. Esan beharra daukat, aurtengoan, produkzio latinoamerikarrari eskaintzen zaion sekzioan ikusi ditudan pelikula guztiek sortu didatela zera berezi bat. Beste sailetan ikusitako aurrekontu handiko proposamenen alboan –ikus Les Misérables edo La bola negra– beti dira xumeagoak Kursaaleko kubo txikian plazaratzen direnak. Jakin badakigu ordea, ez dagoela beti kalitatearen ziurtasuna diruaren inbertsioan. Gainera, festibal zinemazale batek izan behar luke plaza ondoren komertzialak izan ohi diren bira horietan sarrerarik izango ez duten produkziook estreinatzeko.
Fernando Eimbckeren bosgarren film luzea da Moscas, Mexiko Hirian kokatzen diren hiru pertsonaien bueltan grabatutako film intimista. Ume bat da egiazko protagonista. Bere inozentziak, irribarre zuri-beltzeko honetan ezin zuriagoak eta beste bi pertsonaiekin sortutako loturek gidatzen gaituzte. Umearen ama ospitalean aurkitzen da, larriki gaixoturik. Aitak eta umeak, emakume triste antzeko baten etxeko logela bat alokatzen dute, ospitaletik gertu egon daitezen. Hoztasuna dario hasieran emakumearen aurpegiari, etxeari eta egunerokoari. Metrajeak aurrera egin ahala, baina, pertsonaien arteko eboluzioak harilkatzen du giza sentipen primitiboenei buruz aritu zitzaigun proiektu bikaina. Sufrimendu partekatua, mina, dolua eta beste. Ondo Eimckerena, bai horixe.
Ageri da hipnosi betean sommelier bat, bikote gazte baten amodio istorio txolin bat edota jatetxe batean zerbitzari gisa trebatzen den beste bat. Latinez esan behar: totum revolutum. Edo, gure estiloan, ezer ez eta festa
Eta egunari amaiera emateko, buelta nire etxe sentitzen dudan Culinary Zinema sekziora. Aurreko eguneko sukalde andaluziarrak albo batera utzita, bizilagun dugun Frantziako Borgoina erregioan ardoaren bueltan dabiltzan zenbait pertsonaiaren istorioa aurkeztu zitzaigun. Collage tankeran eratua, nahiko barreiatua da kontatu nahi zaiguna. Planta dotoreko gizon bat, ardogilea ei berau, du protagonista zintak. Dokumentalgintza eta fikzioa modu nahiko traketsean nahasten dira bertan; izan ere, protagonista gisa ageri den gizon hau benetan da bodegen munduan aritua. Baina, beraz gain, ageri da hipnosi betean sommelier bat, bikote gazte baten amodio istorio txolin bat edota jatetxe batean zerbitzari gisa trebatzen den beste bat. Latinez esan behar: totum revolutum. Edo, gure estiloan, ezer ez eta festa.
Eskerrak bazen Basque Culinary Centerren bigarren zati gastronomiko bat zain, pelikularen organigrama txepela ahazteko prestatua. Kasuon, sei eskutara landua menua, sukaldearen kapitaintzan baitziren Milla Loreko Alex Lizarraga eta Edgar Gimenez, nahiz 887 jatetxeko Antonio Belotti. Haien kontakizunak, pelikulan nahi baino gutxiago ikusitako Borgoinako ardo itzelen laguntzaz, bazituen bai filmari falta zitzaizkion koherentzia eta sendotasuna. Arrats aparta zinez, mahaikideekin solasaldi ezin interesgarriagoekin borobildua. Besarkada, gure mahaitik ondoezik zela etxeratu zen mutilari. Ea datorrenean ere aukerarik duen bertaratzeko.
Bitakora ixteko orri gutxi falta. Begitantzen da portuaren ifrentzua.

