Askatuak Gipuzkoa Basket izena ofizialki estreinatzeko unea iritsi da
Ibaeta Basketek, berriz, Euskal Kopari ekingo dio. Realeko nesken futbol eta belar hockey taldeak neurketa zailak izango dituzte, eta Txuri Urdineko bi taldeek etxetik kanpo jokatuko dute.
Askatuak Gipuzkoa Basketen taldea eta zuzendaritza teknikoa.Askatuak Gipuzkoa Basket Aurkezpen guztiekin bukatuta, lehiatzen hasteko ordua da Askatuak Gipuzkoa Basketentzat. Bihar abiatuko dute Lehen FEB mailako liga, eta etxetik kanpo ariko dira, Granadaren pistan (19:00). Izena aldatuta eta taldea biziberrituta, ilusio bereziarekin hartuko dute 2026-2027ko denboraldia. Mailaz igotzea helburu zorrotz gisa jarri gabe, bidea egitea da saskibaloi taldearen asmoa. Bestalde, Ibaeta Basketek Euskal Kopako lehen partida jokatuko du gaur, Arrasaten, Araskiren kontra (19:00).
Futbolean, Realeko nesken taldeak ez du etenik izango, Europa kopako partida jokatu berritan. Sasoiko lehen garaipena lortzea desio dute, baina ligan ez dute arerio erraza izango. Izan ere, Real Madrilen aurka jokatuko dute bihar, Zubietan (12:00). Golak egitea kostatzearekin batera, txuri-urdinak irabazi ezinda dabiltza, eta sekulakoa izango litzateke egokitu zaion arerioa mendean hartzea. Batez ere, ligako zulotik atera eta konfiantza irabazteko.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskek eta mutilek etxetik kanpo jokatuko dute. Bihar, Puigcerdaren izotz pista zailean ariko dira neskak (21:30), urte hasieran gertaturiko intoxikazioa gogoan. Esperientzia txar hura ahazteko aukera ona dute, kataluniarrei irabazita. Lehen jardunaldiko garaipen onaren ondoren, taldeak biziberrituta ekin dio denboraldiari. Etzi, berriz, mutilek Madrilen pistan jokatuko dute (14:30). Oraindik ere, gogoan izango dute Bartzelonaren aurkako porrota, baina horri buelta emateko gaitasuna dutela erakutsi beharko dute.
Belar hockeyan, Realak Club de Camporen zelaian jokatuko du etzi ligako bigarren jardunaldia (12:00). Etxean galduta, etxetik kanpo ezusteko ematen saiatuko dira.
PARTIDAK
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 1. jardunaldia
- Granada – Askatuak Gipuzkoa Basket (bihar, larunbata, 19:00)
Emakumezkoen Euskal Kopa
- Araski – Ibaeta Basket (gaur, ostirala, 19:00)
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 5. jardunaldia
- Reala – Real Madril (bihar, larunbata, 12:00)
Izotz hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 2. jardunaldia
- Puigcerda – Txuri Urdin (bihar, larunbata, 21:30)
Gizonezkoen lehen maila, 2. jardunaldia
- Madril – Txuri Urdin (etzi, igandea, 14:30)
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 2. jardunaldia
- Club de Campo – Reala (etzi, igandea, 12:00)

