«Egun hauetan lasaiago gaude»
Gorka Correyero (Amara Berri, Donostia, 2002) hirugarren urtez dabil Zinemaldiko akreditazioak banatzen, bere lankide Irune Rikondorekin. Kazetaritza ikasketak amaitu eta lan bila hastean, Zinemaldiko lan poltsan sartu zen.
Zinemaldiko langile Gorka Correyero.Maddi Viana Gorka Corroyeroren hirugarren urtea da Zinemaldiko akreditazioak banatzen. Kursaalean bertan banatzen dituzte akreditazioak, hainbat langileren artean. Kursaalean bertan erantzun dizkio hainbat galdera IRUTXULOKO HITZAri; haren lankide Irune Rikondok ñabardura batzuk ere aipatu ditu, akreditazioak banatzen zituen bitartean.
Zu nola iritsi zinen Zinemaldian lan egitera?
Gorka Correyero (G.C.): Kazetaritza ikasten bukatu nuen, eta ez dakit zenbat curriculum bidali nituen leku guztietara. Lagun batek esan zidan Zinemaldian bazegoela lan poltsa bat, irekita zegoena. Nire curriculuma bidali nuen, ekaina uztaila aldera –kazetaritza amaitu eta segituan– eta duela bi urte deitu zidaten astebete lehenago, azken orduko baja bat egon zela eta. Eta baietz esan nuen.
Lehenengo egunetan pixka bat galduta ibili nintzen, hainbeste izenekin, sistemarekin… Aurten, ez dakit menperatua den hitza, baina azkenean etortzen diren gehienentzako ez denez lehen aldia, beraiek ere badakite zer egin behar duten.
Norbait akreditazio bila datorrenean zer egiten duzue?
G.C.: Guk bere NANa eskatzen diogu, sisteman begiratzen dugu, beraiek sinatu egiten dute akreditazioa jaso dutela eta guk ematen diegu. Akreditazioak aurretik eskatu dutenez, prozesu guztia egina dago. Akreditazioa jasotzea da bakarrik.
Kolore ezberdinetako akreditazioak ditugu: marroia prentsa idatzia da, horia argazkilariak, berdeak telebistan lan egiten duten kamerak dira, eta gero, arrosak, sare sozialetakoak dira. Prentsa idatziak lehentasuna du filmen sarrerak hartzerakoan, argazkilariek photocall eta alfonbretan sartzeko aukera dute eta sare sozialetakoek alfonbra gorrietara joateko ere behar dituzte. Horrela lanean dauden kideek errazago identifikatu ditzazkete.
Aurten esan digute komeni dela akreditazioak erreserbatzea, kudeatzen gaudenoi lana errazteko.
Zer moduz hartu dute erabiltzaileek webgune bidez gestioak egitearena?
G.C.: Gehienek akreditazioa aurretik ordaindu dutenez ez dago arazorik, baina inoiz norbait presarekin etorri da, eta ordainketa webgunean egin behar duela azaldu behar izan diogu. Azkenean gu gara lehenengo gaudenak galdera edo arazo horiei erantzuna emateko eta askoren ohitura eskudirutan edo txartelarekin ordaintzea da, batzuek teknologiekin arazoak dituzte.
Irune Rikondo (I.R.): Bai, batzuek hogei urte baino gehiago daramate etortzen. Horiek guk baino askoz hobe ezagutzen dute hau dena. Bueno, aplikazioa ez. Teknologia berez gauzak errazteko dagoela, baina guk zaildu egiten dugula diote. Pertsona batzuk teknologiekin oso gaizki konpontzen dira eta, Gorkak esan bezala, pasa den urtetik photocall eta antzekoetarako online erreserba egin behar da. Eta batzuek ez dakite nola egin.
G.C.: Ez dute ulertzen nola aplikaziotik irten behar diren, bankuak gestioa onartu dezan, eta ondoren berriro Zinemaldiaren webgunera sartu. Erabiltzailea sartu eta –azkenekoz aurreko urtean erabilitako, eta gogoratu beharreko– pasahitza erabili saioa hasteko ere arazoak izaten dituzte.
Zinemaldian zehar zein egunetan duzue lan gehien?
G.C.: Egun hauetan lasaiago gaude, kazetari gehienek hartu dituzte haien akreditazioak. Gu gaude prentsarekin eta ondoko lankideek zinemaren industriako langileak dauzkate. Haiek 7.000 akreditazio dauzkate eta guk 1.200. Gainera, gehienak lehenengo egunetan banatzen ditugu, orain gutxi geratzen zaizkigu banatzeko.
Zuen lanaren zein alor ez da kanpotik ikusten?
G.C.: Nik hemendik ere ez dut ikusten zenbat jende dagoen honen atzean. Ematen du jende gutxi garela ematen du, eta hemen bakarrik gaude, baina bulegokoekin kontaktuan gaude. Prentsa bulegoan sail desberdinak daude baita ere eta bakoitzak bere eginkizuna du, photocallak ondo antolatzea, ordutegiak betetzea… Haien lanak jarraitasun gehiago du, mugimendua izaten jarraitzen dute.
Guretzako egun potenteenak lehen egunak dira, gero lasaiago ibiltzen gara, kontsulten zain eta azken akreditazioak banatzeko itsaroten. Adibidez 20:30etan film bat dagoenean, 20:00-20:30 tarte hori potentea izan ohi da. Bestela egunean zehar nahiko lasai ibiltzen gara.
Lanean gertatutako bitxikeriren bat kontatzerik bai?
G.C.: Hainbat hedabide etorri dira, ea galderak erantzuteko aukerarik dugun galdezka. Iruneri ere egin dizkiote elkarrizketak. Hemendik pasatzen direnak eta jaso artean bideoa grabatu dutenak ere badira. Ondo datorkigu, ordu asko pasatzen ditugu hemen eta eguna arindu egiten du.


