Isiltasunari tiraka
'Irailak' filma. Filma: Irailak.
Zuzendaria: Izaskun Arandia.
Urtea: 2026.
Herrialdea: Euskal Herria.
Saila: Zinemira.
Familia batek hamarkadetan gorde duen isiltasuna abiapuntu hartuta, memoria historikoaren auziari begiratzen dion begirada intimo eta pertsonal batetik eraikitako filma da Irailak, euskal zinemagintzari eskainitako Zinemira atalak hartuko duen proposamenetako bat.
Izaskun Arandiaren bigarren film luze dokumentala da, eta bere birraitona Miguel Bargaren historia argitzeko ikerketa du ardatz: 1935aren amaieran bizileku zuen Tolosatik jaioterri izandako Burgosera itzuli zen gizona, familia bertan utzita. Handik gutxira, gerran hil zela jakin zuen familiak, baina haren gorpua hamarkadetan zehar egon zen desagertuta. Harik eta 2018an, Gogora Institutuaren DNA programari esker, haren gorpuzkiak identifikatu zituzten. Baziren, ordea, erantzunik gabeko bi galdera oraindik: zergatik joan zen? Eta, zergatik hil zuten?
Bada, erantzun bila abiatuko dira Izaskun Arandia zuzendaria bera eta Manuel Arandia Barga aita –Miguel Bargaren biloba–, western filmetan «lur etsaia» esaten zaien horietara. Berehala konturatuko gara Arandiak bere burua kontakizunean kokatze hori dela filmaren indargune nagusienetako bat. Abiapuntua ez da artxibo urrun bat, ezta estatistika bat ere, baizik eta zuzendariaren familiako hutsune bat. Zuzendariak narratzaile gisa parte hartzen du, ustezko objektibotasun hotz baten atzean ezkutatu gabe; hala, metrajeak aurrera egin ahala, jabetzen joango da kontatzen ari den istorioak baduela uste baino lotura emozional handiagoa harekin.
Kutsu pertsonal horrek izan zezakeen arriskurik: kontakizun pertsonala gehiegi nagusitzea eta memoria historikoa familiaren esparrura mugatzea, kasu. Baina kontrako norabidea hartzen duela da dokumentala bereziki interesgarri bilakatzen duen ezaugarria. Familia baten zauria gizarte oso baten zauriarekin lotzen baitu. Arandiak berak hainbatetan azaldu du: familiaren historia erabiltzen du Espainiak Gerra Zibileko hildakoak lurpetik ateratzeko duen prozesu amaitu gabeaz hitz egiteko. Historia handiaren atea historia txiki batetik irekitzen du, beraz, eta familiaren iraganarekin topo egiteko bidaia izateaz harago, Gerra Zibilak oraindik ere erantzun gabe utzitako auziak gogorarazteko ariketa da ere.
Tolosatik Burgosera, road movie eta western kutsuaz blaiturik tarteka, jazotako hura gordetzeko ardura serio hartuta: ez badugulako guk kontatzen, kontakizuna haiena izango da.
Egunen batean, ateri denean, memoriaz ariko gara…

