'Muguruza FM 40 Tour': Komunitate bat, zutik, makurtu gabe
'Muguruza fm 40 tour' filmaren fotograma bat. Muguruza fm 40 tour Belodromoa
Filma: Muguruza FM 40 Tour
Zuendariak: Fermin Muguruza, Ander Merino (Donostia)
Esan eta egin. Belodromokoa festa moduan iragarri zuten, eta festa gisa bizi izan dugu. 2022an izan zen Black is Beltza II: Ainhoa-rekin erabilitako formula errepikatu eta Broken Brothers Brass Bandak alaiturik, 3.000 lagunek bat egin dute, berriro ere, Fermin Muguruzarekin Belodromoan.
Ander Merino donostiarrarekin batera zuzendu zuen Muguruzak bere 40 urteko ibilbidea ospatzen duen filma. Tira, 40 urteko ibilbidea ospatzen zuen biraren filma. Mundu birari buruzkoa baita Muguruza FM 40 Tour hau, eta esperotakoa dugu: kontzertuak, herrialdeak, lagunak eta musika, musika mordoa.
Ferminen bira batek ez du beste musikari batek duena, hori argi dago. Alde batetik, kamaradak, zaharrak eta berriak. Musikariak, antolatzaileak, militanteak… Harrigarria da ikustea Madrilen, Zurichen eta Txileko Santiagon, esperientziadun musikari mordoa esaten bizitza osoan zehar izan dutela erreferente Fermin. Jarreragatik eta hizkuntzagatik. Batzuk 40 urtez jarraitu dute bere bidea!
Beste aldean, ordea, kontrakoak. Zentsura eta boikot saiakerak ez dira ez bat ez bi izan Muguruzaren ibilbidean. Eta bira honetan ere, hasi Martuteneko kartzelatik, pasatu Extremadura eta Madrilgo eskuin muturretik eta bukatu Mexiko Hiriko armadaraino, harrigarria da ikustea nolako gorrotoz egiten dioten eraso, oraindik, Muguruzari .
Belodromoan ikustekoa zen hau. Iñigo Muguruzaren aipamena ateratzen den aldiro txalo zaparrada, ezagunen bat ateratzean irriak… Komunitate bat ospatzen: musika ospatzen, militantzia ospatzen, barrikadaren alde berean gaudela ospatzen.
Dokumentala ez da mundu guztiarentzat; eta ez du mundu guztiarentzat egin. Zaleek gozatu dezaten pentsatua dago. Horregatik, ez du axola Oihana Fernandez de Barrenarekin dituen elkarrizketek naturalak edo antzeztuegiak diruditen. Jokoa hemen beste bat da: dokumentu historiko bat da. Euskal Herriak oraindik badituelako zer kontatuak. Eta guk kontatzen ez baditugu… nork kontatuko ditu? 40 urteko ibilbidean zutik eta makurtu gabe ildo berari jarraitzen dio komandanteak: “Egin ezazu behar duzuna”.

