Zinemaldi baten bitakora | Zazpigarren eta azken alea
'NAZA' filmaren fotograma bat.NAZA Zinemaldiari ordu eskas batzuk soilik geratzen zaizkion honetan, probestu nahiko nuke nire bitakora partikular honen azken alea aurtengoan ikusitako gauzarik preziatuenei buruz aritzeko. Eta eskerrak emateko ere bai, noski. Ezinezkoa litzateke egunotan bere baitan hartzen gaituen zurrunbilo hau, atzean lanean diharduten zientoka pertsonarik gabe. Prentsako lantaldeari, beti adeitsu eta jator; aretoetan artatzen gaituzten laguntzaile guztiei, edukazioa eta irribarrea beti soinean. Eskerrak, noski, tupustean aurkitutako ezagun zein lagun guztiei. Beti da ederra tarte bat hartzea zinemaz nahiz zinemaz kanpokoaz aritzeko. Zinemaldia hori ere bada eta, aldian behin ikusten garenon enkontrurako aitzakia aparta.
Edizio mamitsua izan delakoan nago; Jose Luis Rebordinos, festibalak azken hamasei edizioetan zuzendari izan duenaren azkena. Berari ere, lerro xume hauetatik, errekonozimendu erabatekoa, krisi betean —ekonomikoa, nahiz, ziur aski, erreputaziozkoa— jasotako jaialdi bat erreskatatzen eta biziberritzen jakin izan baitu. Gertukoari so eginez biziberritu ere, beti mimoz tratatu izan duelarik euskal zinema nahiz bertako sortzaileen lana. Hortxe daude Loreak Sail Ofizialean sartu izana, Jaiona Camborda donostiarraren Urrezko Maskorra 2023an edota Elias Kerejeta Zine Eskolak emaniko fruituak. Egun ikus-entzunezko euskaldunak bizi duen egoeraren portzentaia dezentekoa sor zaio Rebordinosi, nahiz bere lantaldeari. Beraz, hemendik beste behin ere, eskerrak eta desira bat: jarrai dezala, beste leku xumeago batetik, bere jakinduria besteon mesedetan baliatzen.
Jose Luis Rebordinos, festibalak azken hamasei edizioetan zuzendari izan duenaren azkena. Berari ere, lerro xume hauetatik, errekonozimendu erabatekoa
Nioen ederra izan dela egunotan proiektoreek mihise zurian estanpatu digutena. Nabarmentzekoenetako bat, ikasturte honetan zehar zeresan handia emango duen Los Javis bikotearen La bola negra. Gazako sarraskiari buruzko Naza pelikularekin batera –berau ikusi ez izana, edizio honetako arantzetako bat–, Federico Garcia Lorca idazle unibertsalak amaitu gabe utzi zuen antzezlan bat ardatz duen pelikula izan da prentsa nahiz publiko zabalarengan zirrara handiena sortu duen filma. Jada zinemetan denez, gonbita luzatzen dizuet ikus dezazuen. Isilarazitako amodio istorioen bueltako erretaula aparta baita. Perlak atalekoa hori; eta bertan ikusitakoen artean azpimarratzeko bestea, Pawlikowski poloniarraren Fatherland. Zuri-beltzezko produktu findu eta elegantea, zinez. Thomas Mann idazle alemaniarraren itzulera kontatzen du, Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean. Artearen erabilera politikoa, nazio eraikuntza ugaritan utopikoa. Sariketa nagusienetan presentzia izan dezakeen Sandra Hüller aktore bikainak borobiltzen du pelikula historikoa.
Sail Ofizialean, interesgarri egin zaizkidan kontu zenbait. Ikusi ditudanen artean, nabarmentzekoena The Debut entretenigarri eta gidoiz bikain eraikia. Nahiko nuke amaiera galan Julianne Moore aktore protagonistak interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra etxera eraman zezan. Izugarria da burutzen duena. Bere aurpegian ikusten ditu batek beldurra, inozentzia, mundu berri bat ezagutzen dabilenaren distira, porrota, poza, etab. Kaxa amaiezina, Oscarra lortze bidean den Moorek oparitzen diguna bertan. Les Misérables txukun baina apur bat planoaren altzoan, interesgarriagoak begitandu zaizkit Garrat du váimmu suediarra –hemen ere protagonista aparta– edo Krux, Alemania naziaren azken egunetan kokatzen den drama alemaniarra. Azken honen argazkilaritzak aise mereziko luke palmaresean lekurik. Mike Leighen Tender Loving Care kokatzen da kiniela guztietan Urrezko Maskorra etxeratzeko aukerarik gehienekin. Pelikula hau behatzea ere ezinezkoa izan zait. Zinema aretoetan konpondu beharreko beste arantzatxoa.
Horizontes Latinos ere oso fin. Asko gustatu zaizkit bertan Manuela Martelliren El deshielo edota Fernando Eimbckeren Moscas filmak. Lehena, diktadura osteko Txilen kokatzen zen. Protagonista zuen haur hipnotiko bat eta suspensearen bidetik nahasten zituen kritika politikoa zein thriller tonu beltza. Eimbckerena berriz, bere bosgarren pelikula, askoz intimistagoa zen. Hiru pertsonaia soil eta arrunten –beren lana, etxea ordaintzeko premia, dolu zenbaiten pisua– bueltan kokatzen zuen istorioa Mexiko Hirian. Hemen ere mutiko gazte bat protagonista, ama gaixo zuelarik. Aberatsa iruditu zitzaidan pertsonaia hauen arteko talkak erretratatzeko manera.
Eta noski, Culinary Zinema gozoa. Beste urte batez, gastronomiaren botere bateratzailea mahaigaineratu digu sailak, arrats apartak oparituz
Testua ezin buka, beste bi sail aipatu gabe. Festibalean zehar gehien gustatu zaidanetako bat izan baita New Directorsen botatako Cute. Gai delikatuen baitan –pedofilia, fetitxismoa eta beste– bikain aritzen da, edonolako zabarkeri zein probokaziotan erori gabe, Marlene Emile Lyngstad zuzendari gaztea. Pelikula hau berriro ikusiko nuke, dudarik gabe. Eta noski, Culinary Zinema gozoa. Beste urte batez, gastronomiaren botere bateratzailea mahaigaineratu digu sailak, arrats apartak oparituz.
Ez dadila itzali proiektorea, Autek zioen gisan, dena delako zinema bizitzan.

