Donostiako alkateak aurrekontua «lapurtu» diela salatu dute suhiltzaileek
Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuaren elkarretaratze bat, egoitzaren aurrean.Donostiako Suhiltzaileen Zerbitzua Donostiako Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuko (SPEIS siglez ezaguna) langileek, hedabideetara bidalitako ohar baten bidez, salatu dute 2027ko udal aurrekontuaren proiektuak “zero euro” esleitzen dizkiela “SPEISeko inbertsio errealei”. Horrela, Donostiako Suhiltzaileen Langile Kolektiboak deitoratu du erabaki horrek “2023ko egoera errepikatzen” duela.
Langileek aitortu dute udala langileen ordezkariekin hartutako konpromisoa betetzen ari dela, bi urtetan zerbitzuan hamabi suhiltzaile gehiago sartzeari dagokionez: “Sei 2026an eta beste sei 2027an. Helburua sei brigadetako bakoitzean bi suhiltzaile gehiago izatea da”. Aldiz, nabarmendu dute plantilla handitzea ezin dela “instalazioen handitzetik bereizi”: “Gaur egun, ia ez dago leku erabilgarririk armairu berriak jartzeko, aldagelak handitzeko edo laneko txaketak eta gainerako babes ekipoak behar bezala gordetzeko. Hamabi langile berriek espazio egokiak behar dituzte, arropa garbia eta kutsatuta egon daitezkeen ekipoak bereizteko eta higiene, segurtasun eta antolaketa baldintza egokiak bermatzeko”.
Behar hori, gainera, 2026ko udal aurrekontuak berak “aitortu” zuela azaldu dute suhiltzaileek: “Eraikin eta bestelako eraikuntzen partidan 322.500 euro jarri ziren. Gainera, pasa den irailaren 1ko Tokiko Gobernu Batzordeak suhiltzaile etxea handitzeko proiektua onartu zuen; beraz, udalak berak jada planifikatutako jarduera da”. “Hala ere, udalak SPEISeko bost inbertsio partida blokeatu egin ditu, guztira 408.133,88 euro, suhiltzaile etxea handitzeko partida osoa erabilgarritasunik gabe utzita. Orain, 2027ko proiektuak inbertsioen kapitulua erabat ezabatzen du, nahiz eta suhiltzaile zerbitzua mantentzeko tasan 1.209.160 euroko diru sarrera aurreikusi”, gaineratu dute.
Epaia
Donostiako suhiltzaileek gogorarazi dute Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiaren 139/2025 epaiak, uztailaren 2koak, ezarri zuela “UNESPAri dagozkion diru sarrerak SPEISen inbertsio errealetara bideratu behar direla, zerbitzua handitu eta hobetzeko, soilik, esklusiboki eta osorik”.
“Epaia langileek bultzatutako ekimenaren ondorio izan zen”, nabarmendu dute: “Zerbitzuko langileen gehiengo handi batek ekarpen ekonomiko pertsonalak egin zituen erreklamazio judiziala izapidetu zuen abokatu bulegoa kontratatzeko. Ahalegin kolektibo horren eta aldeko ebazpenaren ondoren, ez da onargarria inbertsioek blokeatuta jarraitzea”.
Horregatik guztiagatik, Donostiako Suhiltzaileen Langile Kolektiboak eskatu du “2027ko aurrekontua behin betiko onartu aurretik parkea handitzeko 2026ko partidak eranstea, UNESPAren diru sarreren xedearekin konpromisoa hartzea 2027ri begira eta epaia benetan betetzea”. “Zerbitzua zabaltzea eta hobetzea ez da aukerakoa, baizik eta behar operatibo, prebentibo eta antolatzailea. Suhiltzaile zein hiritarren segurtasuna ezin da jokoan jarri”, gehitu dute.

