«Hirigintza udalaren eskumena da, eta donostiarrek erabakiko dute nolakoa izango den Easo-Amara eremua»
Jon Insausti alkateak jakinarazi du hausnarketa prozesu bat egingo dutela Amara Bai, Erdian Bizi, Morlanstarrak eta Amara Berriko auzo elkarteekin.
Easo-Amara eremuko trenbidea.Irekia Eusko Jaurlaritzak duela bi aste aurkeztu zuen Easo-Amarako trenbide zabaltza eraldatzeko proiektu irabazlea. Ordea, Jon Insausti alkateak ez zuen aurkezpen ekitaldian parte hartu. Horren inguruan galdegin diote gaur Tokiko Gobernu Batzorde osteko agerraldian, eta pasa den astean udaleko iturriek adierazitakoa berretsi du: “Hirigintza udalaren eskumena da, eta donostiarrek erabakiko dute nolakoa izango den Easo-Amara eremua”.
Horiek horrela, agerian geratu da EAJ eta PSE-EE ez daudela ados eremu horren etorkizunaren inguruan. Gogoratu behar da Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Mugikortasun Sailak sozialistek kudeatzen dituztela, eta Donostiako Udal Gobernuan ardura horiek jeltzaleen eskuetan daudela. Dena dela, Insaustik adierazi du Jaurlaritzarekin duten harremana “oso ona” dela, eta lankidetzaren aldeko jarrera mantentzen duela.
Proiektua irabazlearen aurkezpenaren gonbidapena “bezperan” jaso zuela esan du alkateak, eta joan ez izanari garrantzia kendu dio. “Oraindik, udalak ofizialki ez du proposamena jaso, eta jasotzean aztertuko dugu”, gaineratu du. Halere, proiektua ikusi duela eta gustatzen zaiola aitortu du. “Kiroldegi bat eta kultur etxe bat jartzea ondo dago, baina zergatik ez dute eguneko zentro bat aurreikusi? Erdialdea eta Amara hiriko auzo zaharkituenak dira. Horregatik, ezer erabaki baino lehen bizilagunekin hitz egin behar da”, gaineratu du.
Lanketa “paraleloa”
Pasa den asteko ostegunean, lau auzo elkarterekin bilera egin zuela jakinarazi du Insaustik: “Modu paraleloan, auzo elkarteekin hitz egiten hasi gara. Prozesu bat eskatu ziguten eremuari buruz hitz egiteko, eta hori da egingo duguna”. Zehazki, Amara Bai, Erdian Bizi, Morlanstarrak eta Amara Berriko auzo elkarteekin elkartu zen udala. “Udazkenean eremuaz hausnartzen hasi nahi dugu auzo elkarteekin, bi aldiz pentsatu behar dugulako nolakoa izan behar duen eremu horrek”, azaldu du Insaustik.
Hain zuzen ere, Easo-Amarako trenbide zabaltzaren etorkizuna “donostiarrek” erabakiko dutela errepikatu du: “Udalbatza honetan 27 zinegotziek erabakiko dute nolakoa izango den eremu hori, eta ez Lakuan, Gasteizen”.

