Donosskinok hamargarren urteurrena ospatuko du 23 film laburrekin
Donostiako jaialdiak nazioarteko izen ezagunak, euskal talentua eta Tim Burtonen Frankenweenie film laburrari eskainitako omenaldia bilduko ditu 2026ko edizioan.
Donosskino jaialdiko antolatzaileak.Donosskino Donosskinok hamar urte beteko ditu aurten, eta film laburraren aldeko hamarkadako ibilbidea 23 laneko Sail Ofizialarekin ospatuko du. Hiru proiekzio saiotan banatutako programak bost kontinenteetako zinemagileak eta belaunaldi ezberdinetako sortzaileak bilduko ditu, tartean Noomi Rapace, Kathleen Turner, Itziar Ituño, Ramon Agirre, Haley Joel Osment eta Michael Madsen aktoreak. Nazioarteko hautaketak, besteak beste, Tom Van Avermaeten Hearts of Stone, Dipti Bramhandkar eta Padraic Lillisen Joan’s Teeth, John de Menilen Main Man eta Thibaud Goarinen The Things We Carry hartzen ditu. Nash Edgerton australiarrak ere parte hartuko du, Sundance 2026an hautatutako Candy Bar lanarekin.
Espainiako film laburraren egungo panoramaren lagin zabala ere eskainiko du jaialdiak. Marine Auclair Marchenaren Gamberra, Lucas Parraren Ser un hombre, Charlie Garcia Villalba eta Gonzalo Ruiz Estebanen Las Desqueridas, Marina Campos Albiolen ¿Por qué no?, Julia Castañoren La Barraca, Pablo Larcuenen I Walked Through the Walls, ¡Raton!, La Colisión eta In Memoriam izango dira Sail Ofizialean. Lanek identitatea, familia, memoria, sexualitatea, maskulinitatea eta zinema mundua jorratzen dituzte, genero eta ikuspegi askotatik.
Euskal zinemak ere presentzia nabarmena izango du. Lara Izagirreren El regalo, hiru ijito gazteren errealitatean oinarritutako eta 16 mm-an filmatutako lana, izango da hautatutako lanetako bat; Aitzol Saratxagaren Ehizak, berriz, XIX. mendeko Euskal Herria eta Mateo Txisturen unibertsoa uztartzen ditu folk horrorrarekin eta fantasiarekin. Bertan Ramon Agirre, Itziar Ituño, Urko Olazabal, Lander Otaola, Mikel Losada, Josean Bengoetxea eta Klara Badiola aktoreek parte hartzen dute. Euskal ordezkaritza Aitor de Kintana eta Iñaki Rikarteren Desagradecido, Marta Hernaez Susperreguiren El escondite eta Igor Garcia Piñasen Zezena ta Humea lanek osatuko dute.
Urteurreneko egitarauak Tim Burtonen Frankenweenie (1984) film laburrari ere egingo dio omenaldia. Disneyren barruan sortutako proiektu berezi gisa abiatu zen lana, eta denborarekin kultuzko pieza bihurtu zen, Burtonen unibertso sortzailearen lehen adierazpenetako bat. 2012an film luzera egokitu zuen zuzendariak. Donosskinoren omenaldia larunbateko sari banaketarekin amaituko da: Frankenweenie Antzoki Zaharrean proiektatuko da, arratsaldeko 19:00etan, Sergio Arrospidek aurkeztutako saio berezian.
Urriaren 7tik 10era
Donostiako Film Laburren Festibalaren bederatzigarren edizioa urriaren 7tik 10era izango da.Urriaren 7an, 8an eta 9an, 19:00etan, ShortZinema Saileko film laburren emanaldia. Urriaren 10ean, 19:00etan, Donosskino gala izango da, sari banaketa eta festibalaren amaierako ekitaldiarekin.
Sarrera doakoa izango da gonbidapenarekin. Gonbidapenak egunean bertan jaso daitezke, Antzoki Zaharreko leihatilan, ordutegi honetan: 16:30etatik – emanaldia hasi arte.

