Etxebizitza eskubidearen alde mobilizatu dira Donostian: «Den-dena nahi dugu»
Euskal Herriko hainbat etxebizitza sindikatuk mobilizatzera deitu dute ostiral honetarako (urriak 2), eta mobilizazio horietan parte hartzera deitu zuten asteartean Donostian egindako elkarretaratzean.
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak deituta deituta, mobilizazioa egin zuten astearte arratsaldean Bulebarrean, etxebizitzaren negozioaren aurka.Aratz Garcia Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak deituta, elkarretaratzeak egin zituzten astearte arratsaldean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Antolakuntza gure berme bakarra. Etxebizitza negozioaren aurka antolatu! lelopean. Donostian, Saretxe etxebizitza sindikatuak antolatu zuen elkarretaratzea, Bulebarreko kioskoan, herritar ugariren parte hartzearekin.
Joan den asteburuan Madrilen Urbagestion putre funtsak Maricarmen Abascal 87 urteko bizilaguna indarrez etxegabetu ostean, kanpaldia egiten ari dira Madrilen ehunka pertsona, etxebizitza eskubidea bermatuko duen dekretu bat aldarrikatuz. Testuinguru horretan antolatu zituzten astearteko mobilizazioak Hego Euskal Herrian, eta Espainiako Gobernuak “langile klaseari bizkarra” eman diola salatu zuen Saretxek Donostian, hain zuzen ere: “Azken unean, PSOEk eta Sumarrek dekretuak jasotzen zituen testua eta neurriak zatitu eta bitan banatzea hitzartu dute. Mugimendu honekin, neurri ‘moderatuenak’ (Junts eta EAJren moduko alderdien babesarekin) pasarazi nahi dituzte, kapitalaren interesentzat deserosoagoak izan daitezkeen neurriak bigarren dekretu batean jarriz”.
Hain zuzen ere, bigarren dekretu hori, ziur aski, ez da onartuko ostiralean Espainiako Kongresuan egingo duten bozketan, aurreikuspena baita Juntsek eta EAJk ez babestea. Horrela, onartuko direnak “neurri partzialak” direla salatu zuen Saretxek: “Arazoaren erroari aurre egin beharrean, etxebizitzarekin negozioa egiten saiatzen direnak babesteko balio dute”: “Etxegabetzeen aurkako babesa 2030era arte luzatzea ez da baldintzarik gabeko etxegabetzeen aurkako ezkutu bat, indarrean dauden eta 2028a baino lehen amaitzen diren alokairu kontratuetarako bi urteko luzapena ez da nahikoa, epe motzerako alokairuak eta gelakako alokairuak arautzeak ez du eragozten iruzurrez erabiltzen jarraitzea, 2028ra arte funts putreen bidez erosteko debekua ‘baldintza jakin batzuetan’ soilik aplikatzen da: ez da desjabetzeaz hitz egiten, ezta espekulaziozko salmentaren debekuaz ere, aipatzen diren etxebizitza alternatibak ez dira inondik agertzen eta errentadunentzako hobariak planteatzen dira”.

Saretxe etxebizitza sindikatuak deituta, mobilizazioa egin zuten astearte arratsaldean Bulebarrean, etxebizitzaren negozioaren aurka.Aratz Garcia
Antolakuntza eta mobilizazioa
Horrela “gatazkaren erroari eragiten ez dioten eta burgesiaren irabaziak bermatzen dituzten neurriak” direla salatu zuten , Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareko kideek. Horregatik, dekretuak izan beharko lituzkeen “gutxienekoak” jarri zituzten mahai gainean: “Etxegabetzeak baldintzarik gabe geldiaraztea; alokairuak automatikoki berritzea; alokairuen errentaren muga ez ezik, jaitsiera; funts putreen desjabetzea eta espekulazio salmentak debekatzea”.
Halaber, “fokua euskal erakundeetan” jartzeko beharra aldarrikatu dute, eta antolatzera deitu dute Euskal Herriko langile klasea: “Errentari eta espekulatzaileei aurre egitera, klase gisa ditugun eskubide eta interesen alde borrokatzera, etxebizitza sindikatuetara hurbiltzera eta datozen egunetako deialdietan mobilizatu eta parte hartzera”.
Hain zuzen ere, ostiralean, urriaren 2an, Euskal Herriko hainbat etxebizitza sindikatu kalera aterako dira berriz —LAB sindikatuak ere manifestaziora deitu du, larunbaterako—, eta mobilizazio horietan parte hartzera deitu zuten; Donostian, 19:00etan antolatu dute mobilizazioa, Bulebarrean. “Ez gara zuen apurrekin konformatzen. Den dena nahi dugu. Eta horretarako berme bakarra antolakuntza da!”.


