Groseko anbulatorioan jarri ahal izango da gripearen aurkako txertoa
Gripearen aurkako 2026ko txertaketa kanpainaren aurkezpena.Irekia Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak gripearen aurkako 2026ko txertaketa kanpaina aurkeztu dute. Irailaren 28an abiatu zuten egoitzetan dauden pertsonekin eta 5 urte arteko haurrekin. Urriaren 5ean, kanpainaren xede diren populazio taldeetako pertsonekin jarraituko dute. Aldiz, berritasun gisara, urriaren 19tik azaroaren 1era bitarte, txertatzeko guneak ahalbidetuko ditu Osakidetzak EAEko hiru hiriburuetan, aurrez hitzordurik eskatu gabe joan ahal izateko.
Donostiako txertatzeko gunea Groseko anbulatorioa izango da, astelehenetik igandera —08:00etatik 20:00etara—. Herritar guztiei jarriko zaie txertoa, baita haurrei ere. Gune horietan, txerto mota kasu bakoitzerako gomendioen arabera aukeratuko dute: 75 urteko edo gehiagoei, adjubatua jarriko zaie; 24 eta 59 hilabete bitarteko haurrei eta arrisku baldintzadun 15 urtetik beherakoei, sudur barnekoa; eta gainerako xede populazioari, berriz, inaktibatua.
Bestalde, dagoeneko txertoa jartzeko hitzordua eskatu dezakete kanpainaren xede diren pertsona guztiek: 60 urtetik gorakoek, arrisku egoeraren bat duten pazienteek, haurdun dauden emakumeek, 6 hilabetetik 5 urtera bitarteko haurrek eta arrisku baldintzak dituzten 15 urtera arteko haurrek, eremu soziosanitarioko eta osasuneko profesionalek, eta arrisku pertsonen zaintzaileek eta bizikideek. Aurreko kanpainetan egin moduan, telefono bidezko hitzordua aktibatuko da, zure osasun zentrora edo anbulatoriora deituta edo webgunearen edo aplikazioaren bidez, eta 80 urtetik gorakoen kasuan, biztanleria talderik ahulena telefonoz jarriko da Osakidetza harremanetan.
Azkenik, azaroaren 2tik aurrera, txertatzeko gonbidapena gainerako herritarrei zabalduko diete.

