Parketarrak egitasmoa antolatu du berriro udalak auzoetako euskara batzordeekin
Amarako Araba parkea. Wikipedia Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek elkarlanean antolatu dute Parketarrak egitasmoa euskararen erabilera indatzeko aisialdiaren eremuan, “haurrak eta familiak kalean jolasean dabiltzanean, euskaraz aritzeko”.
Dinamizatzaileak egongo dira jolas saioak gidatzen, 3-9 urte bitarteko haurrentzat –bi taldetan banatuko dituzte, 3-5 urte bitartekoak alde batetik eta bestetik 6-9 urtekoak–. Oraingoz urriarako antolatu dituztenak argitaratu ditu udalak, baina otsail-martxoan eta maiatzean ere antolatuko dituela jakinarazi du udalak. Topaketak Grosen, Antiguan, Altzan, Añorgan, Bidebietan, Loiolako Erriberan, Herreran, Igeldon, Txomiñenean, Martutenen, Amaran, Amara Berrin, Parte Zaharrean, Egian, Aieten, Morlansen, Ibaetan eta Intxaurrondon egingo dituzte.
Joan den ikasturtean izan zuen arrakasta medio erabaki du udalak ekimena berriro ere antolatzea, 848 haur ibili zirela ziurtatu du udalak. Gaineratu du jarduerak amaitzean haien inguruko iritzia eskatu zietela haur zein helduei; eta euskaraz sozializatzearen eta jolastearen onura azpimarratu zutela nabarmendu du.


