Torturak jasandako 29 lagunek haien kasuak judizialki berriz ikertzeko eskatu dute
Saguesen dagoen 'Bakearen usoa' aukeratu dute agerraldiaren irudi grafiko gisa, "bakea lortzeko bizikidetza demokratikoa beharrezkoa delako".GEBehatokia “Euskal Herrian inoiz izan den ekimen judizialik jendetsuena” aurkeztu du gaur goizean Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak (GEBehatokia), Donostian. Izan ere, polizia operazio bati dagokionez atxilotutako pertsona guztiek torturak salatu baitzituzten.
29 pertsonak iragarri dute modu kolektiboan eskatzen ari direla beren tortura kasuak judizialki berriz irekitzeko. Auzipetutako 40 pertsona guztiek lagunduta agertu dira, Sagueseko Bakearen usoa eskulturaren ondoan egin duten argazki kolektiboan. Ondoren, agerraldia egin dute Okendo Kultur Etxean.
Iratxe Urizar legelaria arduratu da ekimen judizialaren nondik norakoak azaltzeaz. “Kasu paradigmatikoa da, berez frogatzen duena epailetzatik, kasu honetan Fernando Grande Marlaska epaileak, tortura beste alde batera begiratuz estaltzen zela, eta ez torturen delitua eta horren inguruan egon den egiturazko zigorgabetasuna ikertuz”, adierazi du.
Salaketa publikoa 2009ko azaroan hasi zela gogoratu du Urizarrek, Euskal Herriko hainbat lekutan 32 pertsona atxilotu eta beste zortzi pertsona atxilotzen saiatu zirenean. Pertsona horiek, azkenean, Italian eta Ipar Euskal Herrian atxilotu eta Espainiako justiziaren esku utzi zituzten. Guztiei Segi gazte erakundean militatzea leporatu zieten. Sarekada horretan atxilotu zituzten Garazi Rodriguez, Mikel Eskirotz, Aitziber Arrieta, Maialen Eldua eta Asier Coloma donostiarrak. Azken honek ez zuen torturarik salatu, Ipar Euskal Herrian atxilotu baitzuten, inkomunikazio aldirik gabe. Aldiz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Rodriguezen tortura salaketak ikertzeko eskatu zuen 2016an.
“Hamarkadak behar izan dira negazionismoa gainditzeko eta gaur egun tortura salaketen egia bere egiten duen adostasuna eraikitzeko. Pertsona horiek deskribaezina dena jasan dute”, deitoratu du Urizarrek. “Horregatik, hamazazpi urte geroago, egia judiziala eskatzeko adorea duten 29 pertsona horien erresilientzia eta ausardia agurtu nahi ditugu”, nabarmendu du.
Hain zuzen ere, aurkeztu duten ekimen judizialaren helburua da tortura salaketen inguruan egia judiziala, justizia eta erreparazioa lortzea. Horrela, salaketa horiek judizialki berriz irekitzeko eskatu dute, eta hainbat elementu berri gehitu dituztela azaldu du Aiert Larrarte abokatuak: “Batzuek Istanbuleko protokoloan egin dituzte, tortura zantzuak demostratzen dituztenak. Beste batzuek, ondoren, euren torturatzaileak ikusi dituzte: gure kaleetan, edo telebistan. Batzuk dagoeneko, instituzio publikoek biktima gisa onartu dituzte”.
Bestalde, gogoratu du 2004. urteaz geroztik, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak epai ugari eman dituela Espainia tortura salaketak ez ikertzeagatik zigortzeko. Zehazki, Espainiari ezarritako hamaika kondenetatik, hamar euskal herritarrek egindako eskaerei dagozkiela esan du.
Horiek horrela, GEBehatokiak torturaren biktimei egia eta erreparazioa lortzen laguntzeko konpromisoa agertu du,” baina baita orain arte ukatutako justizia lortzen laguntzeko ere”. Ildo horretan, ezinbestekotzat jotzen dute Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza, “Espainiako giza eskubideen urraketa larrien biktimei justizia emateak dakarren erronka izugarriari aurre
egiteko. Erakundeek maila eman behar dute”.
40 gazteen mezua
Auzipetutako 40 gazteek idatzi bat prestatu dute, eskatzen ari direna azaltzeko:
“Absolbitu gintuztenean konponbideak 40 militante irabazi zituela esan genuen, eta urte hauetan guztietan hala izan gara, eta izango gara.
Gutariko gehienak Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak atxilotu gintuen, eta denok tortura basatiak jasan genituen. Zortzi Frantziako eta Italiako poliziek atxilotu gintuzten, horien kasuan ez zen torturarik izan. Datu argia da, gure absoluzio sententzian ere Espainiako salbuespenezko auzitegiak berak nabarmendu behar izan zuena.
Gure atxiloketak agindu zituen epaileak torturaren izua aurrez aurre ikusi zuen, bere bulegotik pasa ginelako banan bana inkomunikazio aldi gogorra igaro ostean. Beste alde batera begiratu zuen orduan, eta jarraitzen du begiratzen. Gaur, Espainiako Barne Ministroa da eta bere izena Fernando Grande Marlaska da.
Torturaz ari garenean ez gara ari iraganeko etapa bati buruz, orainari buruz baizik. Izan ere, egin ziguten horrek, biziraun dugun horrek, sendaezinak diren zauriak uzten ditu eta 2026an ere, torturak hil egiten du, torturak Iker Aristu hil du.
Konponbidea eta zigorgabetasuna ezin dira eskutik joan, eta torturak ezinbesteko lagun inpunitatea izan du. Torturatu gintuzten poliziek izan dutena, tortura agindu edo ahalbidetu duten epaile eta arduradun politikoena. Zigorgabetasun erabatekoa.
Garaian Espainiako auzitegietan salatu genuen egin zigutena, eta inork ez zigun entzun nahi izan. Berriro joko dugu atea: egin zutena aitortzeko exijitzen diegu. Ez dugu etsiko, herri honek egia osoa merezi duelako, herri honetan denok merezi dugu egia eta justizia, salbuespenik gabe, eskubide guztiak pertsona guztiontzako.
Behar diren ate guztiak joko ditugu egia osoa argitara atera dadin, eta berriro gerta ez dadin”.

