Txapelik gabe, baina burua lepo gainean
Realak Euskal Herria Txapelaren finala galdu du Athleticen aurka, Anoetan jokaturiko ezohiko euskal derbian (0-1).
Mikel Etxarri entrenatzaile ohiari egindako omenaldia, Anoetan.Reala Lehiatzen ez duenak irabazteko aukera gutxiago ditu. Hori da atzo arratsaldean Realari gertaturikoa, Anoetako Euskal Herria Txapelaren finalean. Athleticen aurkako ezohiko euskal derbia lagunarteko gisa hartu zuten txuri-urdinek, erritmoa mantentzeko eta asteko lan saioak borobiltzeko. Beraz, zuri-gorriek irabazi eta jantzi zuten txapela (0-1), lehiakorragoa izan zen taldeak.
Egutegian hala moduz kokaturiko finalak —9.678 pertsona soilik joan ziren finala ikustera—, bi taldeetako jokalari esanguratsuen hutsunea nabaritu zuen. Izan ere, selekzioen neurketek nabarmen baldintzatu zuten norgehiagoka. Realari Athletici baino gehiago eragin zion, jokalari txuri-urdin gehiagok izan dituztelako nazioarteko konpromisoak. Horiek horrela, Pellegrino Matarazzok zeharo eraldaturiko hamaikakoa osatu zuen: Remiro, Ruperez, Beitia, Pacheco, Aihen, Gorrotxategi, Turrientes, Marin, Zakharyan, Marchal eta Guedes.
Ez zen aparteko neurketa izan. Lehen zati aspergarri samar baten ostean, Athleticek bigarren zatian lortu zuen markagailuan aurreratzea. Robert Navarrok egindako erdiraketa on bat buruz ate barrura bidali zuen Maroan aurrelariak, Marrero gaindituta. Gerora, Aihen Realeko atzelariari arauzko gol bat baliogabetu zioten, jokoz kanpokoa adierazita. Gainerakoan, txuri-urdinek ez zuten ahalegin berezirik egin partida berdindu eta txapela janzten saiatzeko. Burua lepo gainean dute, eta buruan dituzte epe motzean jokatuko dituzten ligako eta Europako partida garrantzitsuagoak.
Merezitako omenaldia
Finalaren atarian, bi klubek eta Euskal Herria Kirolak merezitako omenaldia egin zioten Mikel Etxarri futbol entrenatzaile ohiari. Txuri-urdinen harrobian eta euskal selekzioaren gidaritzan egindako lana aitortu zioten. Omenaldian, Jose Angel Iribarrek eta Inaxio Kortabarriak parte hartu zuten, Athleticeko eta Realeko bi ikurrek, hurrenez hurren.

