Donostia XXI Foroa sortu dute, «hiriko gaurkotasunari buruz hausnartzeko»
Auzo elkarteak eta herritarrak daude sustatzaileen artean, eta abiapuntu gisa hilean behin bilera ireki bat egiteko asmoa dute.
Easo-Amara eremuko trenbidearen etorkizuna da landuko duten gaietako bat.Irekia Irailean jarri zuten abian Donostia XXI Foroa egitasmo irekia, premia “sinple” bati erantzuteko: “Hiriari buruz hitz egiteko, gertatzen ari dena ezagutzeko, haren arazoak eta proiektuak aztertzeko eta hiriaren etorkizuna hobeto ulertzen lagunduko duten materialak sortzeko”. Hedabide honi jakinarazi diotenez, auzo elkarteak eta herritarrak daude sustatzaileen artean.
Foroaren helburua da “hiriko gaurkotasunari buruz hausnartzea, partaidetzaren bidez”. Elkartzeko eta iritzia plazaratzeko gune bat izatea nahi dute, “herritarren lobby moduko bat, informazioa partekatzeko, iritzia sortzeko eta kezkak helarazteko, betiere errespetuan eta aniztasunean oinarrituta”.
Egingo duten lehen urratsaren berri ere eman dute: “Donostiako arazo, behar eta proiektu nagusiak detektatzea eta jarraipen berezia merezi dutenak erabakitzea izango da”. Besteak beste, gai hauek jorratu nahi dituzte: etxebizitza, mugikortasuna, auzoak, merkataritza, kultura, turismoa, ingurumena, hirigintza, zerbitzu publikoak, adinekoak, gazteria, ekonomia, herritarren parte hartzea eta hiriaren etorkizunari eragiten dion beste edozein gai.
Beraien asmoa da gaiak dokumentatzea, informazioa bilatzea, hainbat ikuspuntu ezagutzea eta zuzenean inplikatuta dauden pertsonei entzutea.
Foro irekia
Hiriko pertsona, elkarte, kolektibo, profesional, erakunde, gizarte erakunde, merkatari eta hainbat estamenturen iritzia jaso nahi dute. “Kontua ez da beti iritzi komuna izatea, baizik eta entzutea, kontrastatzea, eztabaidatzea eta partekatzea. Iritzi desberdinak foroaren beraren funtzionamenduaren parte dira”, adierazi dute.
Abiapuntu gisa, hilean behin bilera ireki bat egiteko asmoa ezarri dute. “Bilera bakoitzak gai zehatz bat edo batzuk izango ditu, eta gai horietako batzuk informazioa eta diagnostikoa izango dira, eta beste batzuk, berriz, eztabaida eta proposamenak”, azaldu dute.
Helburua da topaketa bakoitzak emaitzaren bat uztea: “hausnarketa bat, dokumentu bat, elkarrizketa bat, laburpen bat, proposamen bat edo ikertzen jarraitzeko gai berri bat”.
Foroak hainbat kanal erabiliko ditu herritar eta auzo elkarte gehiagorengana iristeko. Esaterako, komunikaziorako koordinaziorako Whatsapp talde bat sortuko dute, eta elkarrizketak, eztabaidak eta hausnarketak egiteko podcast bat.

