«Espainiatik datorkigun zarata alde batera utzi eta Donostiako erronkei heldu behar diegu»
Jon Insausti alkateak "akordio handiak" lortzeko "hiru eztabaida" seinalatu ditu: "2027ko aurrekontuak, HAPOa eta politika orokorreko osoko bilkura".
Jon Insausti alkatea, udaletxeko prentsa aretoan.Donostiako Udala Espainiako hauteskunde orokorren deialdiaren aurrean “ez despistatzeko” esan du Jon Insausti alkateak, Tokiko Gobernu Batzorde osteko agerraldian: “Espainiatik datorkigun zarata alde batera utzi eta Donostiako erronkei heldu behar diegu”.
Alkatearen arabera, “kanpotik datorren zaratak ez du hiri hau geldituko, gainera, bere etorkizuna diseinatzeko une erabakigarrian sartu da, proiektu nagusiei abiadura sartu diegulako”. Hain zuzen ere, urrian udalak jorratuko dituen “hiru eztabaida garrantzitsu” nabarmendu ditu: “2027ko aurrekontuak, HAPOa eta politika orokorreko osoko bilkura”.
Datorren urteko udal aurrekontuak “zerbitzu publikoak indartzeko eta donostiarren bizi kalitatea hobetzeko” tresna izango direla esan du. “Madrildik datorkigun giro kutsatutik urrundu nahi dut, eta elkar ulertzeko deia egin, kontu onbideratuak izateko, ekonomia sendoa izaten jarraitzeko eta bizitoki arazoari erantzuteko. Donostiar erara akordioak lortzeko deia”.
Orain arteko “konturik sozialenak” direla errepikatu du Insaustik, “gehien behar dutenei konponbideak bizkortzeko egin dugun ahaleginaren adibide, humanismoa eta exijentzia uztartuz, inor atzean gera ez dadin”. Zehazki, 17,6 milioi euro adinekoei arreta emateko erabiliko dituztela nabarmendu du —348,77 euro 65 urteko edo gehiagoko donostiar bakoitzeko—, eta beste 14 milioi bazterkeria egoeran dauden pertsonei laguntzeko —ia 500 euro pertsona bakoitzeko—. Ildo horretan, gogorarazi du “akordio zabalak lortzeko garaia” dela, “beste leku batzuetan aldarrikatzen dena, hemen jada jasota daukagulako”.
Alkateak adierazi du prest dagoela alderdi guztien ekarpenak jasotzeko, elkarrizketa erronda bat hasiko dela iragarri du eta gogorarazi du zuzenketak aurkezteko fase bat ireki dela. “Eztabaida osasuntsua” izatea espero duela adierazi du, “demagogiarik eta populismorik gabekoa, hauteskundeen testuinguruak desitxuratuko ez duena”. Azaroko udalbatzarrean 2027ko udal aurrekontuak onartzea espero du Insaustik, datorren urte hasierako prest egon daitezen.
Politika orokorreko eztabaida
Donostiako Udalbatzak hilaren 14an egingo du politika orokorreko osoko bilkura. Alkateak esan du hiriaren egungo egoeraren berri emango duela, eta hiriak dituen “hiru erronkak” nabarmenduko dituela: “etxebizitza, segurtasuna eta donostiarren patrika”.
Hiri antolamendurako plan orokor (HAPO) berriari dagokionez, idazketa prozesua abiarazi dutela esan du Insaustik: “Hurrengo hamarkadetako Donostia diseinatzeko behar den dokumentuaren tramitazioa azkartuko dugu. Orain da garaia diseinu hori adosteko donostiar guztien artean”.
Udalaren asmoa da HAPO berria udazkenean jakingo dela nork idatziko duen. “Hiru dira eskatu ditugun proposamenak, eta hiruetako batek hartuko du ardura”, azaldu du. Agintaldia bukatu baino lehen helburuak eta irizpidea prest izatea espero dutela gaineratu du.

