La Farandula mikroteatro taberna itxiko dute, bederatzi urteren ostean
La Farandula mikroantzezlan aretoa. Irutxuloko Hitza Egiako La Farandula mikroteatro taberna itxi egingo dute. Hala jakinarazi du aretoak berak bere sare sozialetan: “Inauguratu eta hiru urtera pandemia elkarrekin gainditu eta gero, eta geltokiko lanak direla eta Erdialderako lurpeko pasabidea ixteari aurre egin ondoren, oihala jaistea tokatzen zaigu. Min handia egin arren, ez zegoen beste aukerarik”.
Hain zuzen ere, 2017an ireki zuten La Farandula, Egia kalean, Oscar Terol aktoreak, Michel Ramos margolariak, Jon Sagarzazu diseinatzaile grafikoak eta Amaia Lizarralde aktoreak sustatuta. Bederatzi urteotan, nagusiki mikroteatrora bideratutako Donostiako areto bakarra izan da, astebururo hamabost minutuko antzezlanak programatuz eta taberna eta jatetxe gisa ere funtzionatuz.
Bezeroei zein aretoan euren antzerkiak taularatu dituzten artistei eskerrak eman dizkie La Farandulak: “Eskerrik asko antzoki txiki hau bizitzaz bete duzuen publiko, artista, kolaboratzaile eta lagunei. Onena opa dizuegu zuen hurrengo eginkizunetan. Hau ez da agur bat, ‘hurrengo eszenara arte’ bat da. Besarkada handi bat”.

