Taxien aferan erakunde publiko bakoitzak «dagokion rola» bete behar duela esan du Insaustik
Taxien Euskal Federazioak manifestazioa egingo du bihar Donostian, administrazioek ibilgailu gidaridunen jarduera arautu dezaten eskatzeko.
Bulebarreko taxi geltokia.Donostiako Udala Eskumenak eskumen, Taxien Euskal Federazioak beste mobilizazio bat iragarri du. Bihar, hilak 7, manifestazio bat egingo dute Donostian, administrazioek ez diotelako irtenbiderik ematen ibilgailu gidaridunen (IG) jarduerari. Haien ustez, hiri garraioan arauzko titulurik gabe eskaintzen dute zerbitzua.
Afera horren inguruan galdetuta, Jon Insausti alkateak esan du udalak argi duela zein den bere betebeharra: “Guri behatzea dagokigu, eta arau hausteak Aldundiari jakinarazten dizkiogu. Izan ere, zigorrak jartzea Aldundiari dagokio, eta ibilgailu horien jarduera erregulatzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da”. Horrela, erakunde bakoitzak “dagokion rola” bete behar duela gaineratu du.
Martxa bat, bi irteera
Manifestazioan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako taxi gidari profesionalek parte hartuko dute, eta bi irteera izango ditu: Bidebietako Ainguraren biribilgunea eta Europa plaza (EHU). Bi puntu horietatik 09:00etan abiatuko dira oinez edo beraien ibilgailuetan, eta Donostiako Erdialdera joango dira. Mobilizazioa Bulebarrean bukatuko dute.
Manifestazioari dagokionez, alkateak zehaztu du Donostian egin arren, EAE mailakoa dela. “Beraz, beste bat izango da interpelatua. Halere, horrek ez du esan nahi guk gure betebeharra beteko ez dugunik. Argi duguna da Donostiako taxiaren eskaintza hobetu behar dugula, eta lanean jarraituko dugu”, azaldu du.

