EAJk Eneko Goia Donostiako alkate ohia proposatu du Espainiako Kongresurako zerrenda osatzeko
Eneko Goiaren azken hitzartzea alkate gisa, osoko bilkuren aretoan.Joseba Parron San Sebastian Pedro Sanchez Espainiako presidenteak azaroaren 29rako Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara deitu ostean, alderdi politikoak euren zerrendak osatzen ari dira asteotan, eta bere proposamena egin du dagoeneko EAJren Euzkadi Buru Batzarrak (EBB). Proposamenean, Espainiako Kongresurako zerrendan Donostiako alkate ohi Eneko Goia Laso sartu du alderdi jeltzalearen organo gorenak, Gipuzkoako hautagaien artean.
Proposamena herrialdeetako erakundeetara bidali du Aitor Esteban buru duen EBBk, eta zerrenda horiek berretsi edo hautagai berriak proposatu ahal izango dituzte alderdikideek eta herrialdeetako organoek hilaren 11ra arte. Ondoren, hilaren 13tik 15era, proposamenak bozkatuko dituzte jeltzaleek, Herrialde Batzarrek urriaren 16an baliozkotu eta hilaren 17ko Ezohiko Aberri Batzarrean behin betiko erabakia hartzeko.
Goiak, hamar urteren ondoren, duela urtebete utzi zuen Donostiako alkate kargua, lekukoa egungo alkate Jon Insaustiri emanez. Apiriletik, EAJrekin lotutako Sabino Arana fundazioan egiten du lan, eta, ezustekorik egon ezean, jeltzaleen zerrendako hautagaien artean egongo da azaroaren 29ko hauteskundeetan. Ondorioztatu daiteke Gipuzkoako hautagaitza indartzea dela EAJren helburuetako bat, izan ere, 2023ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, EH Bilduren eta PSE-EEren atzetik gelditu zen Gipuzkoan. EBBren proposamen osoa hemen kontsultatu daiteke.

