Toki Kultur Elkarteak bere bideak eta asmoak aurkeztu ditu
Astearte arratsaldean aurkeztu zuten proiektuaren ibilbidea Aquariumean.Andrea Bosch Euskarazko aisialdia, kultur sorkuntza eta komunitatea sustatzeko helburuz udaberrian loratu zen Toki kultur elkartea. Mahai jolasak ardatz hartuta egindako bidea eta aurrera begirako pausoak aurkeztu zituzten atzo Aquariumean.
Saio dibertigarria izan zen, jolasetik tiraka, eta ume ugari batu ziren. Ez da harritzekoa, sustatzailea guraso talde bat baita. Merkatuan dauden itzulitako jokoetatik haratago, hasieratik euskal kulturatik eta euskaraz sortutako proposamen propioak eskaintzea dute asmo, txikiak euskaraz jolas daitezen. Xedeak gainbegiratu eta orain arte landutako hiru jokoen berri eman zuten: 1901 azken balea, Latxa eta Gezurti. Lehen biak karta jokoak dira eta diru bilketa bidez sortu dituzte.
Lehen loraldiko uzta horri jarraipena emango diote Kanper. 7 gau Izkarra uhartean jokoarekin. Aurrerantzean egingo dutena erabakitzeko, berriz, herritarrak gonbidatu dituzte “proiektu komunitario” honetan parte hartzera, tokikide izatera, sorkuntza komunitarioa bultzatuz. Bide horretatik, gainera, auzoetan eta herrietan dinamikak egiteko asmoa dute elkarrekin euskaraz jolastuta.
Lehen jokoak
1901 Azken Balea euskal balearen ehizaren historian eta itsas tradizioan inspiratutako karta joko semi-kooperatiboa da. Jokalariek arrantzale talde baten parte izango dira, eta elkarlanean zein estrategiaren bidez balea ehizatzeko erronkari aurre egin beharko diote. Jokoak euskal arrantzaleen memoria eta itsasoarekin izan dugun lotura modu dinamikoan gerturatzea du helburu.
Latxa, berriz, euskal artzaintzan inspiratutako familia joko arin eta dinamikoa da. Haur eta familientzat pentsatutako joko honek arriskua kudeatzea, erabakiak hartzea eta jokalarien arteko interakzioa uztartzen ditu, euskal giro eta iruditeria propioarekin.
Horrez gain, Gezurti jolas digitala ere garatu dute. Gazteen artean ezaguna den Impostor jolasean oinarritua, baina euskaratik eta euskal kulturatik eraikia. Gezurti.eus webgunea doakoa eta kode irekikoa da, ez du erregistrorik eskatzen eta ez dauka publizitaterik. Helburua ez da pantailaren erabilera sustatzea, baizik eta teknologia baliatzea euskarara gerturatzeko eta aurrez aurreko harremanak indartzeko.

