Anoetako topo geltokiaren bigarren sarbidea ireki dute
Anoetako topo geltokiaren bigarren sarbidea.Inaxio Esnaola Gaurtik erabilgarri dago topoaren Anoetako geltokiko bigarren sarbidea. Sarrerako hall berriak beirazko fatxada eta hormigoizko estalkia ditu. Kanpoko estaldura formatu handiko baldosak dira, harriaren antzeko itxurako materiala dutenak.
Atariak 400 metro karratuko azalera du, eta egungo 380 metro karratuei gehitu dizkiete. Bigarren sarbidearen helburu nagusia kirol eta kultur ekitaldietan topo erabiltzaileen fluxua erraztea da.
Obren fase berri honetan, lehen sarbidea itxita egongo da berritzeko, Realak jokatzen duenean edo inguruan jende asko biltzen den ekitaldiak antolatzen direnean izan ezik. Kasu horietan, beste ataria ekitaldia baino bi ordu lehenago eta bi ordu geroago irekiko da.
Partida egunak
Topoaren erabiltzaileek Realaren partida egunetan mugitzeko modu berri bat izango dute, igandetik hasita. Realaren eta Deportivoren arteko partida bukatzean, trena hartu nahi duten norabidearen arabera, erabiltzaileek honako hau hartu beharko dute kontuan: topoa Hendaiarako norabidean hartu nahi duten pertsonek atari berriaren atetik sartu beharko dute. Aldiz, Lasarte-Oriara doazen trenetara sartu nahi dutenek, sarbide zaharra erabili beharko dute. Azkenik, Usurbil-Zumaia norabidea hartzen duten erabiltzaileek, Gaska aldetik sartu beharko dute.


