Etxean irabaztea helburu, ligan garaipenaren bidetik jarraitzeko
Etxean jokatuko dute asteburuan Realeko futboleko mutilek eta belar hockeyko neskek, baita Txuri Urdineko mutilek ere. Etxetik kanpo lehiatuko dira, aldiz, Ibaeta Basket, Askatuak Gipuzkoa Basket eta Txuri Urdineko neskak.
Realak Anoetan jokatutako azken partida Euskal Herria Txapelaren finala izan zen, joan den asteburuan.Reala Ligako geldialdian Athleticen aurka Euskal Herria Txapela galdu ondoren, bere zaleen aurrean berreskuratuko dute ligako erritmoa Realeko mutilek, igandean, Deportivoren aurka. Helburua argi da txuri-urdinentzat: ligan bigarren garaipena jarraian eskuratzea eta sailkapenean gora egitea. Hain zuzen ere, Coruñako taldeak (Galizia) Realak bezainbeste puntu ditu, hamar, eta, beraz, garrantzitsua da Realarentzat igandean irabaztea, Deportivo sailkapenean gainditzeko. Bestalde, Realeko neskei dagokienez, ligako etenaldia dute asteburu honetan, beraz, ez dute neurketarik jokatuko.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek hirugarren garaipena jarraian eskuratu nahi du igande honetan, Leganesen etxean. Donostiarrek ondo abiatu dute liga, lehenengo bi neurketak irabazita eta sailkapeneko hirugarren postuan kokatuta. Askatuak Gipuzkoa Basketi dagokionez, Estudiantesen etxean lehiatuko da igandean, garaipen garrantzitsu bat lortzeko asmoz. Orain arte jokatutako partidetatik, bat irabazi eta bat galdu dute donostiarrek, eta taularen erdian daude, gora egiteko asmoz.
Belar hockeyan, Realak etxean hartuko du Taburinete talde kanariarra, igandean. Etxean jokatuta, txuri-urdinak dira norgehiagoka irabazteko faboritoak, izan ere, ligako azken sailkatua da Taburinete, orain arte jokatutako hiru partidak galduta. Realak lehenengo biak galdu zituen, eta jokatutako azkena irabazi zuen.
Azkenik, belar hockeyan, etxean jokatuko dute Txuri Urdineko mutilek, larunbatean, Jacaren aurka. Bi taldeak orain arte jokatutako partida guztiak irabazita iritsiko dira neurketara, beraz, norgehiagoka lehiatua eta bizia izatea espero da. Txuri Urdineko neskei dagokienez, Valdemoron lehiatuko dira larunbatean, sailkapenean gora egin ahal izateko garaipen garrantzitsu bat lortzeko asmoz. Hain zuzen ere, jokatutako hiru partidetako bi irabazi dituzte donostiarrek, eta madrildarrek oraindik ez dute garaipenik eskuratu.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen lehen maila, 8. jardunaldia
- Reala — Deportivo (etzi, igandea, hilak 11, 16:15)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 3. jardunaldia
- Leganes — Ibaeta Basket (etzi, igandea, hilak 11, 17:00)
Gizonezkoen bigarren maila, 3. jardunaldia
- Estudiantes — Askatuak Gipuzkoa Basket (etzi, igandea, hilak 11, 18:30)
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 4. jardunaldia
- Reala — Taburinete (etzi, igandea, hilak 11, 12:00)
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehen maila, 4. jardunaldia
- Txuri Urdin — Jaca (larunbata, hilak 10, 21:00)
Emakumezkoen lehen maila, 4. jardunaldia
- Quimeras Valdemoro — Txuri Urdin (larunbata, hilak 10, 21:30)

