Ibaeta Basketek garaipen on batekin abiatu du liga
Realeko nesken futbol eta belar hockey taldeek behar zuten ligako lehen partida irabazi dute, asteburuan.
Ensinoren eta Ibaeta Basketen arteko norgehiagoka.Ensino Bolada onari jarraipena eman dio Ibaeta Basketek, ligako lehen partida irabazita. Azu Muguruzak gidaturiko taldeak Lugoko Ensino menderatu zuen atzo, aurkariaren kirol pistan (53-73). Jokaturiko lau laurdenetan nagusituta eskuratu zuten garaipena. Aldiz, Askatuak Gipuzkoa Basketek galdu egin zuen Illunben atzo jokaturiko ligako bigarren partida. Gutxigatik izan bazen ere, Ourenseren aurrean amore eman behar izan zuten (86-90).
Futbolean, Realeko neskek ligako lehen hiru puntuak eskuratu zituzten Valentziaren zelaian (0-1). Nerea Eizagirre kapitainak egindako gol bakarrari esker, behar zuten garaipena eskuratu zuten azken sailkatuaren kontra. Europan aurrera egin eta ligan irabazita, konfiantzarekin egin ahal izango dute aurrera. Dena dela, ligan jaitsiera postuetan jarraitzen dute, 5 punturekin, eta hainbat talderekin berdinduta. Realeko mutilek, berriz, huts egin zuten iragan ostiraleko Euskal Herria Txapelaren finalean. Txuri-urdinek ez zuten behar den moduan lehiatu, eta Athleticek, bai. Horrela, zuri-gorriek eskuratu zuten laugarren txapela (0-1).
Eskubaloian, Bera Berak balio handiko garaipena lortu zuen larunbatean Gaskan, Elda talde indartsuaren aurka (35-24). Xabat Beloki bigarren entrenatzailearen aginduetara —Jon Begiristainek laneko baja hartu zuelako—, donostiarrak oso txukun aritu ziren. Elba Alvarez hamar golekin eta Mathilde Plotton seirekin, bere estreinako partidan, izan ziren jokalari erabakigarrienak.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskek eta mutilek irabazi zuten larunbatean, biek Majadahonda mendean hartuta. Neskek partida estuagoa jokatu zuten (5-3), eta mutilek aiseago lortu zuten garaipena (5-1). Liga hasiera ona daramate bi taldeek.
Belar hockeyan, Realak behar zuen garaipena eskuratu zuen atzo, etxetik kanpo. Partida bizi eta lehiatuan, Valentziari irabazi zioten txuri-urdinek (2-3). Uxue Madariaga eta Jone Alba donostiarrek, eta Federica Cartak egin zituzten golak.
EMAITZAK
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 1. jardunaldia
- Ensino 53 – Ibaeta Basket 72
Gizonezkoen bigarren maila, 2. jardunaldia
- Askatuak Gipuzkoa Basket 86 – Ourense 90
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 6. jardunaldia
- Valentzia 0 – Reala 1
Euskal Herria Txapelaren finala
- Reala 0 – Athletic 1
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 4. jardunaldia
- Bera Bera 35 – Elda 24
Izotz hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 3. jardunaldia
- Txuri Urdin 5 – Majadahonda 3
Gizonezkoen lehen maila, 3. jardunaldia
- Txuri Urdin 5 – Majadahonda 1
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 3. jardunaldia
- Valentzia 2 – Reala 3

