RACVN elkarteak airearen kalitatearen datuak «desitxuratzea» egotzi dio udalari
Isuri Gutxiko Eremuaren sarreretako bat. Donostiako Udalak hiriko erdiguneko airearen kalitatearen inguruko datuen berri eman du aste honetan, Isuri Gutxiko Eremua (IGE) abiarazi zutenetik inguru horretako airearen kalitatea hobetu dela nabarmenduz. Horren harira, RACVN Hego Euskal Herriko Automobil Klubak datuak “desitxuratzea” leporatu dio udalari, hedabideei gaztelania hutsean bidalitako ohar baten bidez: “Zinegotziak nitrogeno dioxidoaren jaitsierari buruzko datuak albiste positibo gisa helarazi baditu ere, IGE ezarri aurreko airearen kalitate indizeek dagoneko betetzen zituzten araudiak ezarritako atalaseak”.
Horrela, RACVNek deitoratu duenez, “2025ean Donostiak kalitate oneko airea izan arren, legez beharrezkoak ez ziren neurri murriztaile batzuk ezarri dira, dirua biltzeko gogo hutsarekin, eta Donostiako gizartearentzako diskriminazio ondorio batzuekin”.
Horrez gain, automobil klubak salatu du udalak ez duela egin datuak alderatzeko beste ikerketa osagarririk, eta Easo kaleko neurgailua, udalaren datuetarako erabili dutena, ez dagoela “homologatuta”.

