Zuhaitzeko haziak fruitua ematen jarraitzen du, Sustrai bihurtuta
Ander Edo sortzaileak eta Nagore Garmendia egungo arduradunak Sustrai Aisialdi Taldearen ibilbidea errepasatu dute. Belaunaldien arteko lekukoa hartuta, euskara eta auzogintza uztartzen jarraitzeko erronkari heldu diote, garai berrietara egokituz.
Ander Edo eta Nagore Garmendia, taldearen irudi den Sustraitxorekin. Maitane Aldanondo Hamabost urte bete ditu Loiolan errotuta Sustrai Aisialdi Taldeak. Ander Edo eta Eder Pikaza izan ziren sustatzaile nagusiak eta haiekin bidea egiten hasi zen haurretako bat da Nagore Garmendia. Urteek aurrera egin ahala, arduradun bilakatu da azkena, eta haren lekuan egondako Edok «beste leku batetik» jarraitzen du haien jarduna. Atzera begira, «harridura» eragiten dio urteurrenak Edori, denbora azkar igaro delako, eta 2011n hazia erein zutenean, ez zutelako horrenbeste irauterik espero. Horrek, noski, poza ere ematen dio, bereziki, arduran lekukoa hartu dieten taldea ikusita.
La Salle ikastetxean aisialdiaren esparruan ikasitakoa auzora ekarri nahi izan zuten bultzatzaileek, betiere, askotariko ekimen eta taldeekin harremanetan, baina haurrei berezko lekua emanda. «Auzoan inplikatzea, harrobi hori egitea», laburbildu du Edok. Ideia hori buruan zutela, Loiolan aurrekari bat izan zela jakin zuten: Zuhaitz. Han ibilitako jendea, gerora, auzoko beste talde batzuetan zebilen. Eredua berreskuratzea erabaki zuten, eta, lotura eginez, Sustrai izena jarri zioten. Aurrekoei keinu egiteaz gain, helburuari erreferentzia da: gazteak Loiolan errotzea.
Xede hori lortzeko ildoak argiak ziren eta dira: euskara eta auzogintza. Saretzean jarri zuten indarra. Taldea «topaleku» bihurtu, auzoko elkarteekin kolaboratuz eta zubi lana eginez. Hala, lehen urratsetako bat Loiolatarra elkarteak antolatzen dituen Mikologia jardunaldietan haurrentzat zerbait egiteko euren burua proposatzea izan zen.
Harribitxiak harrobian
Lauzpabost begiraleko taldea osatu zuten, eta jardueretan ahalik eta jende gehien biltzeko bokazioz ekin zioten. Parte hartzea oso aldakorra zen: «Batean, hamar; beste batean, hogeita hamar»; baina, hala ere, hasieratik, baziren beti joaten ziren haur batzuk. «Inplikazio berezia» zuten horiekin «harreman estua» sortu zuten eta ostiral arratsaldean elkartzen hasi ziren. Horietako bat Garmendia zen. 10 urterekin hasi zen Sustrain. «Loiolan ibiltzen ginen ume bakarrenetakoak ginen. Loiolan hazi, elkar ezagutu eta bertan egin ditugu harreman gehienak. Sustrairi esker lagun oso onak ditut. Beti sentitu naiz oso loiolatarra eta, hein batean, Sustrairengatik da». Elkar zaintzen zuten espazio seguru moduan definitzen du.
Taldearen historian pertsona gakoetako bat Jon Urbieta izan da. Edoren hitzetan, Loiola Kultur Etxeko zuzendari izandakoak «asko bultzatu zuen taldea. Espazio bat utzi, eta etengabe erronka txikiak ematen zizkigun talde horrekin egiteko». Irteera, jolas eta bestelakoez gain, taldearen jarraikortasuna ere landu zuten eta, 14-15 urterekin laguntzen hasi ziren, gerora ardura hartzekotan. Pausoa, beraz, «oso naturala» izan zen, Garmendiaren ustez.
Atzera egin, protagonismoa eman eta ardura hartzen utzi zieten begiraleek, nahiz eta beti ados ez egon. Adibide gisa, sanignazioetako Ginkana Nazkagarria jarri du Edok. «Terriblea iruditu zitzaidan hasieratik», aitortu du, eta berak inoiz egingo ez zukeen arren, oso arrakastatsua da. «Polita izan zen. Aisialdian hezitzaile izan arren, hezituak ere bagara; gauza asko ikasten ditugu», onartu du.
Lan duina egiten ote duten galdetu dio Garmendiak Edori. «Noski baietz. Gaur egungo taldeak egiten du bere bidea eta hori oso inportantea da». Iragana hobea izan zela pentsatzeko tentazioaren edo «retrotopiaren» aurrean, itxaropenarena nahiago du Edok. «Beraien bidea urratzen ari dira eta beraiei dagokie. Beste leku batetik ekarpena egiteko unea da niretzat. Lan duina egiten ari ote diren? Oso-oso harro nago eta oso pozik egiten dutenarekin».
Adaxka berriak
Erreleboaren unea pandemiarekin batera etorri zen. Taldea «une txarrean» jaso bazuten ere, «errautsetatik berpiztu» dutela azaldu du Garmendiak, eta orain, egonkortzeko bidean murgilduta dabiltza. Begiraleak aldatu dira —18 eta 28 urte arteko zazpi kide dira, eta laguntzaile ugari—, baina nahiak bera izaten jarraitzen du: auzoa euskaraz egitea. Elkarte gisa eratu berri dira, eta kultur etxeko zuzendariarekin «sintonia ona» dutela baliatuta, berreskuratu egin nahi dute aurreko dinamika, hilabetero jarduerak eginez. Egun, jaiei lotuago aritzen dira, ate joka datorren Gau Beltzeko Nor da hiltzailea? arrakastatsuaren salbuespenarekin.
Auzoa eta aisia ere bestelakoak dira, egun. Garmendiaren hitzetan, «Loiola hazi egin da eta haziko da, haurrak etorri dira, eta hori da gure itxaropena. Denok gauden eta denontzako gauzak dauden espazio bat egotea oso garrantzitsua da». Haurrak zirela, kalean jolastu ohi ziren, egun, ordea, «parkeak ez dira betetzen». Haurrek bakarka eta pantaila aurrean denbora gehiago igarotzen badute ere, halako jarduerak eskertzen jarraitzen dutela uste du Garmendiak, eta, horregatik, duten nahia beraiek bizitakoa egungo haurrei ematea da.
«Bi aldeetan egon naizenez, ikusten dut zein zaila zen gurekin egiten zutena eta nola disfrutatzen genuen. Pixka bat nostalgikoa ere bada», azaldu du gazteak. Aurrekoen lana gogoratuta, «miretsi» egiten dituela dio. «Bost ziren eta ez dakit nola egin zezaketen hori dena!». Haiek ikusten ikasi dute nola jardun eta horrek ardura gehigarria ematen die, «maila eman» beharrarena, eta beraientzat duen garrantzia hori transmititu nahi diete haurrei. «Auzoa da Sustrai. Ondoan daukazunarekin harremana, espazioa okupatzea, eta poztasuna. Etorkizuna ere bai, gure nahia badelako guri lekukoa hartzea».

