EH Bilduk interpelazioa aurkeztu dio alkatetzari, La Cumbre eraikinaren lagapenaren harira
Udalbatzaren Araudi Organikoaren 134. artikulua baliatuz, Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramaileak La Cumbre jauregiaren lagapenari buruzko interpelazioa aurkeztu dio Jon Insausti alkateari.
Aieteko La Cumbre jauregia. Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramaileak La Cumbre jauregiaren lagapenari buruzko interpelazioa aurkeztu dio Jon Insausti alkateari. Udalbatzaren Araudi Organikoaren 134. artikulua baliatuz egin du interpelazioa Izagirrek eta gogorarazi du 2022an adostu zutela Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk jauregia Donostiako Udalaren eskuetara pasako zela eta urte batera esku aldatzeak gauzatuta egon behar zuela.
Eskuz aldatzea egiteko epea 2023ko urrian amaitu zen, eta EH Bilduko zinegotziak salatu du udala “tramitazioaren erritmoak moteltzen ibili dela gero eta nabarmenagoa” dela. 2025eko apirilean, Aieteko auzo elkarteak bultzatuta, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Donostiak mozio bateratua aurkeztu zuten, Espainiako Gobernuari eskatzeko La Cumbre jauregia udalaren esku uzteko lagapena ahalik eta azkarren izapidetu zezan.
Mozioarekin egoera desblokeatzea lortu zela nabarmendu du Izagirrek, baita “Espainiako Gobernuak bidalitako proiektuari zuzenketa batzuk adostea eta Espainiako Gobernuak ontzat ematea zuzenketa horiek” ere. 2026ko otsailean hauek eginak zeudela ziurtatu du EH Bilduko udal taldeko bozeramaileak.
Bestetik, otsailean bertan, alkateak idatzi bat jaso zuela salatu du, eta isilpean mantendu zuela ekainean haiek jakin zuten arte. Idatzia ikusi ondoren, “Espainiako Gobernuak eskatzen zituenak berehala egin zitezkeela” ikusi zutela nabarmendu du, baina halakorik egin ez dutela.
Uztailean mozioa eraman zuten Espainiako Gobernuari urgentziaz erantzuteko eskatuz, “eta behingoz tramitea desblokeatzeko”. Gobernuak, ordea, ezezkoa bozkatu zuen, horretan lanean ari zirela ziurtatuz. Irailean, Giza Eskubideetako Batzordean, oraindik dokumentazioa osatzen ari zirela azaldu zutela ere azaldu du Izagirrek, eta egoera “guztiz iraingarria” iruditzen zaiela.
Interpelazioan, zehazki, honako galderak bota dizkio Insaustiri: lehenik, ea zergatik, uztailetik hona, alkatetzak oraindik ez dituen osatu eta bidali Espainiako Gobernuak eskatutako dokumentuak. Bigarren, ea zeintzuk diren “benetan alkatearen asmoak” La Cumbre proiektuari buruz. Ondoren, ea zer iruditzen zaion alkateari “horrelako lagapen bat, 0 euroko gastua izango duena, bertan behera uzteko arriskuan jartzea”. Eta azkenik ea noiz izan duen alkateak azken harremana Espainiako Gobernuarekin gai honi buruz hitz egiteko.

