Perturren omenezko erakusketa, «oso krudela da, gizatasunik eza»
'Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur. Biktimarik gabeko desagerrarazpena' erakusketaren irekieran ekitaldia.Maddi Viana Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETApm erakundeko militantearen desagerpenaren inguruan ezer dakienik badago, era anonimoan bada ere, hitz egin dezan eskatu du desagertu zenean bere bikotea izandako Lurdes Auzmendik, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur. Biktimarik gabeko desagerrarazpena erakusketaren irekieran ekitaldian. Erakusketa Okendo plazan dago, gaurtik, azaroaren 2ra arte. Gogorak antolatu du erakusketa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak.
Auzmendik, bertaratu ezin zuela eta, bideo bidez helarazi dizkio bere hitzak bertaratu den orori –artean Perturren anai-arrebak, senideak eta gertukoak egon dira–, eta desagerpenaren inguruko informazioa eskatu ondoren, nabarmendu duenez, “oso krudela da, desagertutako pertsona batekin gertatutakoari buruz dakiguna ezkutatzeko gizatasunik eza”.
Perturren gurasoak ere gogoan izan ditu, haien bizitza osoa igaro zuten eta gertatutakoa argitu nahian: “Tristura eta mina bihotzera itsatsita zituztela hil ziren, semearen gorpuzkiak non zeuden ez zekitelako, eta lekukoa pasatu ziguten, eta konpromiso horretan irmo jarraituko dugu, haren memoria betirako izan dadin”.
Pertur desagertu zenetik 50 urte igaro dira aurten, baina zehazki gaur, hilak 13, izan da erakusketaren irekiera, Perturrek bere 75. urtebetetzea ospatuko lukeelako gaur.
Irekiera ekitaldia
Hainbat izan dira erakusketaren irekiera ekitaldira bertaratu direnak, aurretik aipatutako Perturren ingurukoez gain, honakoak gerturatu dira: Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Xabier Barandiaran eta Markel Aranburu legebiltzarkideak, Donostiako Udaleko EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Donostia alderdietako zinegotziak eta baita Gogorako Zuzendaritza Kontseiluko kideak eta fundazio eta memoria elkarteetakoak ere.
Alberto Alonso Gogorako zuzendariak eman dio hasiera ekitaldiari, haren ondoren Jon Insausti Donostiako alkateak eta Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak hitz egin dute. Insaustik kalean gertatutakoak denonak direla nabarmendu du: bai momentu oparo eta zoriontsuak, baita “ez hain zoriontsuak” izandakoak ere. Horiek sortzen dituzten lorpenak kolektiboak diren moduan, zauriak eta bizipen tristeak ere guztionak direla ziurtatu du.
Bestetik, San Josek Espainiako Estatuari eskatu dio bere erantzukizuna bete dezala eta “ez dezala etsi krimen horiek argitzeko lanean”.
Azkenik, Perturren arreba Ines Moreno Bergaretxek hitz egin du. Hunkituta, “bihotz-bihotzez” eskerrak eman dizkie erakusketa antolatu dutenei eta ziurtatu du familiak erantzun bila jarraituko duela, behar ezkero beste 50 urtez, egia argitzeko.
Erakusketa ikusten lehenak
Familia bera izan da, figura politikoekin batera, erakusketa ikusten lehena. Garaiko testuingurua azaltzen du erakusketak: ikuspegi historikoa, giza eskubideen eta memoriaren ikuspegia uztartzen duena. Horretarako, familiaren argazkiak, Perturrek eskuz idatzitako gutun bat, garaiko prentsa profesionalen argazkiak eta hemeroteka baliatu ditu Gogorak.
Erakusketa 22 panelek osatzen dute, eta helburua “oinezkoa interpelatzea” dela ziurtatu du Gogorak, eta horrela, kasu hau eta bere inplikazioak ezagutzen ez dituenaren jakin mina piztea, baita “indarkeriaz betetako iraganari begiratzea zaila egiten zaionaren jakin mina piztea ere”.
Erakusketaren amaieran QR kode bat dago, ikuslea Gogorak egindako bideo batera eramaten duena. Bertan Ines Moreno arrebaren, Lurdes Auzmendi garaiko bikotearen eta Andres Muller Thyssen lehengusuaren hitzak jaso dituzte. Hemen ere ikusi daiteke bideoa.

