Sei laguneko familia bat, tartean bi haur, etxegabetuko dute astelehenean Egian
Epaileak ez du zaurgarritasun egoera kontuan izan eta udalak ez du, oraingoz, alternatibarik eskaini. Gauzak horrela, Saretxek "erresistentzia" antolatu du asteleheneko etxegabetzea gelditzeko.
Saretxeren prentsaurrekoa, Egiako etxegabetzearen harira. Xalba Ramirez Etxegabetzeen gaia inoiz baino ozenago entzuten den honetan, Donostian, sei laguneko familia bat geratuko da kale gorrian datorren astelehenean. Senar emazteak, aiton-amonak eta 10 eta 8 urteko bi haurrek osatzen dute sendia, eta Saretxe etxebizitza sindikatuak onartezintzat jo du egoera. Aitor Ikastolako guraso elkartea jarri zen sindikatuko kideekin harremanetan, familiaren egoeraren berri emateko. Zazpi urte inguru daramate Egiako Baztan kalean bizitzen.
Familiaren egoera ekonomikoa prekarioa da, besteak beste, gurasoetako bat lan istripu baten ondoren ebakuntzak egin eta errehabilitazioan baitago. 2024an, jabearen eta familiaren arteko desadostasun batzuen ondoren, bi hilabeteko alokairua ordaindu gabe geratu zen eta jabeak salaketa jarri zuen. Familiak, dagoeneko, zor ziren hilabete guztiak ordaindu dituen arren, epaileak haien kaleratzea exijitu du.
Saretxeren arabera, familiak zaurgarritasun egoera egiaztatzen duen txostenik ez izateak zaildu egin du etxegabetzea geldiarazteko prozesua. Familiaren abokatuak epaileari eskatu dio dagokion babes neurria aplikatzeko eta txostena bideratzeko. Sindikatuak, halaber, gizarte zerbitzuei txostena egin dezatela eskatu die, eta Donostiako Udalari familiak ostatu segurua izango duela bermatzeko. Familiaren egoerak etxebizitza eskuratzeko zailtasunak eta administrazio eta justizia prozeduretan sortzen diren oztopoak jarri ditu mahai gainean.
Saretxek bereziki nabarmendu du etxegabetzeak haur txikiengan eta adinekoengan izan dezakeen eragina, baita familia migratuek etxebizitza bilatzean pairatzen duten bazterkeria ere. Sindikatuaren iritziz, kasu hau ez da salbuespena, eta etxebizitza krisiaren ondorioz antzeko egoerak gertatzen dira Euskal Herriko hainbat tokitan. Udalari eskaera zuzena egin dio sindikatuak eta eskura dituzten bitarteko guztiak mahai gainean jartzeko exijitu dio. Saretxeko bozeramaileek espero dute beharrezkoa ez izatea, baina edonola ere argi adierazi dute “erresistentzia” egingo dutela datorren astelehenean, eta bizilagun guztiei bertaratzeko deia egin diete, goizeko 8:00etan.
Donostiako Udalaren erantzuna
Udalarekin harremanetan jartzen saiatu diren arren, sindikatuko kideek azaldu dute oraindik ez dutela erantzunik jaso. Bere aldetik, gaurko tokiko gobernu batzarraren prentsaurrekoan gaiaz galdetuta, Jon Insausti alkateak honakoa erantzun du: “Donostia solidarioa aldarrikatzen dut, eta alternatibak eskainiko ditugu. Ez dugu onartuko inor kalean geratzea. Kasu bakoitza aztertzen dugu, eta Egiako kasuarekin jarrera bera hartuko dugu, alternatiba bat eskainiz. Hau da, ez dira kalean geratuko”.

