Zero Pobrezia plataformak buloen aurka egiteko eta hauteskundeetan «zentzuz bozkatzeko» deia egin du
Pobreziaren aurkako eguna, 2026.Zero Pobrezia plataforma Urriaren 17an Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatuko dela eta, “demokrazia, giza eskubideak eta justizia ekosoziala” defendatzeko beharra nabarmendu du Donostiako Zero Pobrezia plataformak, bereziki “autoritarismoen gorakadaren” eta “desinformazioaren erabilera politikoaren” aurrean. Haizea Bernas Loinaz eta Silvana Luciani bozeramaileek herritarren erantzukizun kolektiboa aldarrikatu dute, datozen hauteskundeei begira, eta informazioa kontrastatzeko zein pentsamendu kritikoa indartzeko deia egin dute.
Plataformak ohartarazi du “buloek eta gorroto diskurtsoek” eragin zuzena dutela eztabaida publikoan, eta gizarte desberdintasunen benetako arrazoiak bigarren mailan uzten dituztela. Horren arabera, “eskuin muturraren gorakadak pobrezia areagotzen duten politikak susta ditzake, hala nola lan prekaritatea, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak eta zerbitzu publikoen ahultzea”. Halaber, “migratzaileak, errefuxiatuak eta pertsona arrazializatuak kriminalizatzea, feminismoaren eta LGTBIQ+ mugimenduaren aurkako diskurtsoak zabaltzea eta larrialdi klimatikoa ukatzea” kritikatu ditu.
Desinformazioaren hedapenari buruzko datuak ere aurkeztu ditu plataformak. Mundu mailan, sare sozialak eta bideo plataformak dira informazio iturri nagusiak herritarren %54rentzat; Europako Batasunean, berriz, herritarren %79 kezkatuta dago desinformazioarekin. Espainiako Estatuan, herritarren %70 inguruk uste du albiste faltsuak identifikatzeko gai dela, baina %14k baino ez ditu jasotzen dituen albisteak kontrastatzen partekatu aurretik. Euskal gazteen artean, %77,6k adierazi du azken astean gutxienez egun batean buloen eraginpean egon dela, eta %13,4k soilik dio oso ziur dagoela eduki faltsuak identifikatzeko gai dela. Egoera horren aurrean, plataformak hauteskundeetan giza eskubideak eta justizia ekosoziala lehenesten dituzten proiektuak babesteko eta administrazioei informazio fidagarria bermatzeko neurriak eskatzeko deia egin du.
Aste osoko egitaraua
Kanpainaren barruan, hainbat jarduera egingo dituzte Donostian. Gaur, urriaren 13an, 19:30ean, La cortina de humo filma emango dute Trueba zinema-aretoetan, Kresala Zineklubarekin elkarlanean, eta ondoren solasaldia egingo dute desinformazioaren erabilera politikoari buruz; sarrera doakoa da, baina gonbidapena eskuratu behar da Kresala Zineklubaren webgunean. Bihar, hilaren 14an, hiriko Dbus autobusek plataformaren aldarrikapenak zabaltzeko kartelak eramango dituzte.
Ostegunean, urriaren 15ean, 19:00etan, Desinfokrazia edo Demokrazia? bertso-saioa egingo dute Lugaritz Kultur Etxean, Alaia Martin eta Aner Peritz bertsolariekin eta Imanol Artola Felix gai jartzailearekin. Azkenik, ostiralean, hilaren 16an, ekintza sorpresa bat iragarri dute autoritarismoen eta desinformazioaren aurka, demokrazia, giza eskubideak eta justizia soziala aldarrikatzeko. Zero Pobrezia zortzi erakundek osatzen dute, eta aurtengo manifestuak beste bederatzi eragileren babesa jaso du.

