Egiako etxegabetzea bertan behera uztea lortu du Saretxek
Gizarte Zerbitzuetan protesta egin du Saretxe sindikatuak. Xalba Ramirez Behin-behinean bada ere, Saretxe etxebizitza sindikatuak lortu egin du Egiako etxegabetzea bertan behera uztea. Gaur goizean, hainbat lagunek protesta egin dute Gizarte Zerbitzuen bulegoan, familiak behar duen zaurgarritasun txostena exijitzeko. Honela, bilera lortu dute sindikatuko kideek eta epaitegiekin harremanetan jartzea lortu dute.
Epaileak, zaurgarritasun txostena lortu bitartean, behin-behinean, eta bi hilabeteko epean, etxegabetzea bertan behera uztea ebatzi du. Hala jakinarazi dute etxegabetuak izango ziren familiako kideek protestan zeuden herritarrei, txalo artean ospatuz.
Saretxek atzo prentsa aurrean esan zuenez, familiak ez zituen zaurgarritasun txostenak, baldintzak aise betetzen zituen arren, akats burokratiko batzuen ondorioz. Horregatik, gaur goizean, protesta egin dute Gizarte Zerbitzuetan, egoeraren larritasuna kontuan izanda, auzia astelehena baino lehen ebatz dadin exijitzeko.
Donostiako Udalak atzo adierazi zuen kasua “aztertzen” ari zirela eta familia kalean ez uzteko konpromisoa hartu zuen Insausti alkateak, ez ordea, etxegabetzea geratzekoarena. Honela, etxebizitza sindikatuaren lanari esker Egiako sendia ez da astelehenetik aurrera kale egoeran geratuko.

