Eremuaren landa izaerari eusteko eskatu du Antondegi Berdeak
Antondegiko belazeetan nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak egiten dituzte. Haritzalde Antondegin etxebizitzak eraikitzeko asmoa berriz ere lerroburuetara bueltatu zen iraila amaieran. Orduan, Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburu Denis Itxasok iragarri zuen bertan 3.000 etxebizitza egiteko proposamena. Asteburu honetan bertan, udaleko PPk bat egin du gune berde horretan halako proiektu bat gauzatzearekin. Halako albisteen aurrean, Antondegi Berdea ekimenak prentsa oharra helarazi dio IRUTXULOKO HITZAri.
Eguzki, Parkea Bizirik, Itsas Enara, SEO/BirdLife Donostia, Haritzalde, Surfrider eta Bizilagunekin elkarteek osatzen duten taldeak gaitzetsi egin du Itxasok “Donostiako Udalarekin aldez aurretik akordiorik egin gabe” asmoaren berri eman izana, eta “bereziki deigarria” iruditu zaie Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko prozesuan murgilduta dagoen bitartean egin izana. “Halako garrantzia duen esku-hartze bat ez litzateke planteatu behar Donostiak abian duen plangintza-prozesutik kanpo, ezta lurraldeari eta hiri-ereduari buruzko gogoeta zabalago batetik bereizita ere”.
HAPO berriaren aurrerapenak dagoeneko aztertu du Antondegiren etorkizuna, 2021ean abiatutako prozesu tekniko eta herritarren parte hartze prozesu baten barruan. Lan hori hirigintzan, ingurumenean, geografian, ingeniaritzan eta zuzenbidean espezializatutako 27 profesionalek osatutako diziplina anitzeko talde batek egin zuen. Proposamena eremua hirigintza garapenerako lurzoru gisa “deskalifikatzea” eta “haren landa izaera zaintzea” da, azpiegitura berdearen barruan betetzen duen funtzioa “babesteko” eta “lurraldeko lotura ekologikoak bermatzeko”.
Antondegi Berdea ekimeneko kideek hirigintza plangintza berriak “Antondegiren landa izaerari eustea” defendatu dute, eta etxebizitza beharrari modu integralean heldu behar zaiola berretsi dute, “ingurumenaren babesa, gizarte kohesioa, mugikortasuna, zerbitzu publikoak eta Donostiak datozen hamarkadetarako nahi duen hiri-garapenaren eredua kontuan hartuta”. Gainera, gehitu dute halako garrantzia duten erabakiak ez liratekeela “ekimen politiko indibidualen edo hauteskunde egutegien menpe egon behar; aitzitik, eztabaida ireki, informatu eta garden baten bidez hartu beharko lirateke, eragindako herritarren parte hartzearekin”.
Gogorarazi dutenez, Antondegiko kaskoa ingurumen eta paisaia balio handiko landa eremua da eta aditu talde zabal batek babestutako azterlan batek agerian utzi zuen bere garrantzia; bertako fauna aberastasuna dokumentatu zuen eta bereziki nabarmendu, korridore ekologiko gisa duen eginkizuna. Zehaztu dutenez, eremuan 117 hegazti espezie erregistratu dituzte eta kopuru horrek “Gipuzkoako hegazti aberastasun handieneko eremuen artean” kokatzen du. Era berean, ugaztun komunitate “aipagarria” ere badago, gutxienez, hemezortzi espezierekin.
Taldeak Antondegiren etorkizunari buruzko ekimenak sustatzen jarraituko duela aurreratu du, “bertako balioak defendatuz eta lurraldearekiko errespetuzko eta jasangarria den hirigintza eredua bultzatuz”.

