Lizarra kaleko McDonald's jatetxearen aurkako 1.500 sinadura bildu dituzte dagoeneko
Lizarra kaleko 4 eta 6 zenbakien etxabeetan jarriko dute McDonalds berria.DonoSShopping McDonald’s janari lasterraren nazioarteko jatetxe katea Amarako Lizarra kalean da Donostiako bere laugarren establezimendua irekitzekoa, eta horren aurka mobilizatzen ari dira inguru horretako bizilagunak eta hezkuntza komunitatea. Hain zuzen ere, Lizarra kaleko McDonald’s-aren aurkako sinadura bilketa abiatu zuten duela astebete inguru, eta dagoeneko 1.500 sinadura bildu dituztela nabarmendu dute. Change.org plataforman sinatu daiteke.
Establezimendu horrek sortu ditzakeen kalteen artean, bereziki, jarri nahi duten lekutik gertu dagoen Aldapeta Maria Ikastetxeko 2.200 ikasleen osasunak kezkatzen ditu bizilagunak. Horregatik, irekieraren aurkako kanpainan, babes zabalagoa lortzen ari direla azaldu du Lizarra kaleko batzordeak: “Lizarra kaleko hamar bizilagun komunitateek (hamar atari, 150 familia) eta Mariaren Konpainia Unibertsitate Egoitzak (60 egoiliar), beren presidenteen bitartez, udalari helarazi diote aurka daudela, idazki bateratu baten bidez. Aldapeta Maria Ikastetxea (2.200 ikasle) eta ikasleen gurasoak ere aurka agertu dira”.
Hain justu, idatzi bat aurkeztu diote udalari, Jon Insausti alkatearekin hitzordua eskatzeko, baita udal talde guztiei ere. Hain zuzen ere, udal batzordeetan Elkarrekin Donostiaren udal taldeak gaiaren inguruan galdetuta, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak adierazi zuen udalak “ezin” diola lizentzia eskaera bati ezezkoa eman, eskatzailearen jardunaren inguruko “iritzi edo preferentziak” direla eta.

