Udalak Etxegintzaren bizitoki bat eskainiko dio etxegabetze arriskuan zegoen Egiako familiari
Etxearen jabea bere etxera itzuliko dela iragarri du Jon Insausti alkateak, "eskubide osoa duelako".
Egiako etxegabetzea bertan behera uzteko eskatzeko Saretxek Gizarte Zerbitzuetan egindako protesta.Xalba Ramirez Egiako etxegabetzea Saretxek bi hilabetez bertan behera uztea lortu ondoren, Donostiako Udala afera konpontzeko “bi norabidetan” lanean ari dela esan du Jon Insausti alkateak, Tokiko Gobernu Batzorde osteko agerraldian. Etxe horretan bizi den sei laguneko familiari Etxegintzaren bizitoki bat eskainiko dio udalak, eta, horrela, etxe horren jabea bere etxera itzuli ahal izango da.
“Udal honen premisa da Ainara Moreno etxejabea bere etxera itzultzea, eskubide osoa duelako, eta bertan dagoen familia, sei pertsonakoa, etxerik gabe ez geratzea. Alegia, kalean ez gelditzea. Horretarako, Etxegintzaren bizitoki bat eskainiko diegu. Zaurgarria den familiarik ez da kalean geratuko eta konpromiso horri eutsi egingo diogu”, adierazi du alkateak.
Epearen inguruan galdetuta, Insaustik ez du argitu Etxegintzaren bizitokia noiz emango dioten familia zaurgarriari. “Epaileak hala ebatzita, bi hilabetez gera daiteke familia etxe horretan, baina guk egitekoak asko aurreratu ditugu azken aste honetan, eta gutxi barru korapilo hau askatzeko gaitasuna izango dugu”, aurreratu du. Bi hilabete baino gutxiagoko epean izatea aurreikusten duela gaineratu du.
Egiako kasuaren inguruan ere hausnarketa bat plazaratu nahi izan du alkateak: “Oso ondo erakusten du, gauzak muturreraino eramaten ditugunean, informazio guztia izan gabe, zuzenak ez diren ondorioak ateratzen ditugula”.

