Blackstone Donostiatik kanpora: Eusko Jaurlaritzak Bentaberriko etxeak erosi ditu
Bentaberriko 100 bizilagun baino gehiago elkartu ziren martxoan Eusko Legebiltzarrera joateko.Kaleratzeak Stop Bentaberriko bizilagunen amesgaiztoak amaiera izango du. Eta haien borrokaldi luzeak bere fruituak. Eusko Jaurlaritzak akordioa lortu du Blackstone funtsaren Testa Homes higiezinen sozietatearekin, Bentaberri auzoko babes publikoko 510 etxebizitzen gainazal eskubidea erosteko. Operazioa 100 milioi euro ingurukoa izango da, hau da, bataz beste 196.000 euro etxebizitza bakoitzeko, garajeak eta trastelekuak barne. Erosketa horri esker, etxebizitza horiek babes publikoko alokairuan mantenduko dira behin betiko, eta bertan bizi diren 510 familiaren egoera egonkortuko da.
Etxebizitza horien babes araubidea 2028ko azaroan amaitzekoa zen, eta, ondorioz, alokairuak merkatu libreko prezioetara igotzeko arriskua zegoen, familia horiek kanporatzeko arriskuarekin. Akordioak, ordea, egungo baldintzei eustea ahalbidetuko du: etxebizitzen ezaugarrien arabera, maizterrek hilean 600 eta 900 euro artean ordaintzen jarraituko dute. Salerosketa kontratua urte amaierarako sinatzea aurreikusi du Jaurlaritzak. Erosketarekin, gainera, lurzoruaren eta etxebizitzen gaineko eskubideak titulartasun publiko berean bilduko dira.
510 etxebizitza horiek 1998. urtean eraiki zituzten Metrovacesa eta Vallehermoso eraikuntza enpresek; 2016an, Testa Residencialekin bat egin zuten, higiezinetan inbertitzeko sozietate anonimo kotizatu batekin, eta, 2018an, Blackstone bilakatu zen enpresa horren inbertsiogile nagusia. 1.500 eta 2.000 lagun artean bizi dira etxebizitza horietan duela 28 urtetik. Babes araubidea amaitzeko data hurbiltzeak kezka sortu zuen bizilagunen artean eta hainbat urteko borrokaldia egin dute. Maiatzean, Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak iragarri zuen Jaurlaritza Testarekin eta Blackstonerekin negoziatzen ari zela, etxebizitzen erabilera sozialari eusteko irtenbide iraunkor bat lortzeko.
Operazioa ezohikoa da Euskal Herrian, erakunde publiko batek inbertsio funts bati babes publikoko hainbeste etxebizitza erosten dizkiolako. Azken urteetan, kontrako norabidean egin izan dira halako eragiketak: inbertsio funtsek etxebizitza babestuak erosi dituzte, babes araubidea amaitzean merkatu librean ustiatzeko aukerarekin. Bentaberriko akordioak, beraz, etxebizitza publikoaren galera saihestea du helburu, eta herri mugimenduek aspaldi egindako eskari bati erantzuten diote: hiriko etxebizitzetatik ateratzea putre funtsen eskuak.

