Film luzeak, laburrak, erakusketak eta podcastak: badator 37. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea
37. Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen aurkezpena.Maddi Viana Aste hasieran eman zuten jakitera Animedon sailak Shin chan telesaila omenduko duela –telesailaren euskarazko bikoizketa zehazki–. Gaur, Viktoria Eugeniako Club aretoan 37. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea aurkezteko elkartu dira Ana Lopez Donostiako Udaleko Kultura zinegotzia, Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapeneko zuzendaria eta Josemi Beltran Donostia Kulturako zinema programazioko arduraduna.
Itsasoari begira antolatutako astea izango da eta Norma Villa zuzendariaren Salitre (kresala, euskaraz) filma proiektatuko dute inaugurazioan. Itsasoarekin lotutako lanak gehiago izango dira, Sting of Death (1996), kasu, karabela portugaldar “hiltzailez” betetako filma, “oso egokia Donostian proiektatzeko”, gaineratu du Beltranek, barrez.
Astearen kartelaren ildoari jarraituz –bertan Samantha Hudson artista espainiarra, itsas izaki mutante bihurtua ageri da–, astea body horror azpigeneroarekin oso lotuta ere egongo dela adierazi du Beltranek. Pinnochio: Unstrung (2026) filma adibidez, lehiaz kanpo, sail ofizialean egongo da Erresuma Batuko film luzea, honela azaldu dute Pinnochio pertsonai ezagunaren bertsio hau: “Pinotxo jaregin baten txanda da, bere senetik ateratako Geppeto batek sortuta, Pepito Grillo sadiko eta hegodun batek –Txilintxo maitagarria bailitzan– aholkatuta”.
Beltranek azaldu du aurten Hong Kongo zinemari arreta berezia eskainiko diotela Bruselako Hong Kong Economic and Trade Office erakundearen lankidetzari esker. Izan ere, Antzoki Zaharrean Back to the Past eta Ultimate Revenge filmak –biak 2025koak– proiektatuko dira azaroaren 1ean. Tabakaleran, Hong Kongo zinemako bi klasiko: The Black Magic with Buddha (1983) eta Hard Boiled (1992), lehena azaroaren 4ean eta bigarrena 7an.
Tabakaleran, bestetik, El Cebo (1958) filma ere proiektatuko dute azaroaren 6ean, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan.
Urtero moduan, Antzoki Zaharrean izango du Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak egoitza nagusia, bertan proiektatuko dituzte eta sail ofizialean lehiatuko diren tituluak. Viktoria Eugenian Animadon saileko zinema saioak, EITBk babesten duen euskal film laburren maratoia, eta Izaki Pixkat Gardenak telesailaren aurrestreinaldia egongo dira (beranduago Primeran plataforman jarriko dute ikusgai).
Bang! Bang! zinema taldeak hamabigarrenez saioa izango du Antzoki Zaharrean, urriaren 24ean. Aurtengo saio bikoitzean Matrix (1999) eta [REC] (2007) filmak proiektatuko ditu taldeak.
Ez dira proiekzioak soilik antolatu
Samantha Hudsonek, esan bezala 37. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko kartelaren irudia denak, bere Donostiako lehen kontzertua eskainiko du Intxaurrondo Kultur Etxean, hilak 29an.
Gainera, Animedon sailaren parte den Hyakki yagyō, Ehun deabruen gaueko desfilea erakusketaz soilik ez, beste hiru erakusketa ere antolatu dituzte: Okendo Kultur Etxean Bitxikeria, munstro eta makinen kabinetea erakusketa, irailaren 6an ireki zen eta azaroaren 4ra arte egongo da ikusgai; Mai Egurzaranen omenezko Euskadi Fantasiazkoa 22 erakusketa Udal Liburutegi Nagusiaren Alderdi Ederreko egoitzan, hilaren 30etik, azaroaren 21a arte egongo da; eta azkenik Stéphane Levallois-en Kafakaren ‘Metamorfosia’ erakusketa, honakoa Irunen, Carlos Blanco Aguinaga Kultur Gunean, irailaren 25ean ireki zen eta azaroaren 14ra arte iraungo du.
Bestelako ekitaldiak ere antolatu dituzte, hala nola hitzaldiak, familientzako tailerrak, makillaje saioak eta kalejirak. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen webgunean aurkitu daiteke haien inguruko informazioa.

