«Erasoa jasan nuenetik beldur handia dut: minak eta amesgaiztoak ditut»
Egiako eraso arrazista jasan zuen pertsona; izena segurtasunagatik ezkutatu da.Xalba Ramirez Cruz Nola zaude gaur egun?
Gauetan, lo egiterakoan, amesgaiztoak izaten ditut, eta oihuka aritzen naiz lotan. Nik ez nekien horrelakorik egiten nuenik; lagunek esan didate. Buruko min handiak ere izaten ditut. Beldur handia dut.
Beldur hori egunero sentitzen duzu?
Bai, etengabe. Tabakalerara joateak ere beldurra ematen dit. Beti begiratzen dut ingurura, ea norbait atzetik dudan. Beti agertzen da norbait ni probokatzera.
Nolakoa izan zen tiro egin zizuten eguna?
Oso gaizki pasatu nuen, min handia izan nuen. Oinez nenbilen, lagun batekin topo egin nuen eta banku hartan eseri ginen. Bat-batean, izugarrizko mina sentitu nuen bizkarrean, ziztada baten modukoa. Bi tiro izan ziren. Zutitu eta buelta eman nuen, zer gertatzen ari zen ulertu ezinik. Orduan, begiaren ondo-ondoan egin zidaten tiro. [Irutxuloko Hitzak baieztatu du begitik bi zentimetro eskasera duela orbana]. Min izugarria sentitu nuen, tximista baten modukoa.
Aurretik liskarren bat izan zenuen inorekin? Norbaitek esan zizun ezer?
Ez, ez nuen inorekin liskarrik izan. Ez nekien tiroak zirenik ere.
Zer gertatu zen ondoren?
Ertzaintza iritsi zenean, zauria erakutsi nien, eta gertatutakoa azaldu nien. Antza denez, anbulantziari hiru aldiz deitu zioten eta etortzen ez zenez, haiek eraman ninduten.
Udaleko inor jarri al da zurekin harremanetan?
Inor ere ez! Ez, ez. Harrera Sarekoei esker gizarte langile batzuekin hitz egin nuen hasieran. Behin hitz egin nuen haiekin, baina ez zen ezer gertatu.
Nola sentitzen zara orain?
Oso gaizki, triste eta beldurtuta. Ez dakit zergatik egin zidaten tiro, eta horrek antsietate handia sortzen dit. Ez dakit berriro gerta daitekeen edo zer gerta daitekeen.
Joaten zara oraindik tiro egin zizuten lekura?
Beste erremediorik ez dudanean soilik. Ikastera joateko, batzuetan, handik pasatu behar izaten dut. Baina saihesten saiatzen naiz, beldurra ematen didalako.
«Azken hilabetean, hiru bider izan ditut epilepsia atakeak»
Non ari zara lo egiten orain?
Udalaren aterpetxe batean. Segurtasunagatik, nahiago dut ez esatea non dagoen. Harrera Sareko kideek gizarte langileekin hitz egin zuten, eta presioa egin zuten.
Nolakoa da aterpetxean duzun egoera?
Ez da ohiko plaza bat, larrialdiko plaza bat baizik. Horregatik, korridorean jarritako ohe batean egiten dut lo. Niretzat ondo dago, baina, batzuetan, gogorra da. Gainera, epilepsia dut.
Okerrera egin al du zure osasunak azken hilabetean?
Bai. Hiru atake epileptiko izan ditut: bat aterpetxean, beste bat autobusean eta hirugarrena kalean. Ia konortea galdu nuen.
Noiz etorri zinen Donostiara?
Duela urtebete eta zortzi hilabete. Aurretik, Martuteneko agustindarren egoitzan egon nintzen, baina garai txarra pasatu nuen, eta ia ez nintzen handik ateratzen. Ez zaizkit arazoak gustatzen.
Zer nahiko zenuke hemendik aurrera?
Jakin nahi dut nork egin zidan tiro eta zergatik. Ez luke horrelakorik berriro gertatu behar. Ia begi bat galdu nuen, baina tiro horrek beste norbait jo izan balu, agian haur bat, hil zezakeen!
Manifestazio handia egin zen gertatutakoaren aurka. Nola bizi izan zenuen?
Izugarria izan zen hainbeste jende elkartuta ikustea, gertatutakoa onartezina dela esateko. Nik ez nuen manifestazioan parte hartu, baina gerturatu egin nintzen, ikustera. Indar handia eman zidan! 3.000 lagun nire alde, «arrazistak kanpora!» oihukatzen!

