Martuteneko bizilagunek lau urte daramatzate Dbusen zerbitzua hobetzeko eskatzen
Sarroeta auzo elkarteak deituta, 26 lineako autobusa auzoan hartu eta Bulebarrera joan dira protesta egitera. 120 erabiltzaile inguruk parte hartu dute mobilizazioan.
Martuteneko bizilagunen protesta Bulebarrean, 26 linearen autobus geltokian.Sarroeta auzo elkartea Lau kilometro pasa daude Martutenetik Donostiako Bulebarrera. Distantzia hori egiteko, Dbusen 26 lineak 35-45 minutu behar ditu, zazpi auzo eta hogei geltoki igarota. Denbora hori gutxitzea eta zerbitzua hobetzea nahi dute, besteak beste, Martuteneko Dbusen erabiltzaileek. Horregatik, atzo arratsaldean, 26 lineako autobus batean sartu eta Bulebarreraino joan ziren protesta egitera.
Sarroeta auzo elkarteak deituriko mobilizazioaren 120 bat lagunek bat egin zuten. Martuteneko Larrunmendi geltokian igo ziren autobusera, eta ordu erdi luze geroago iritsi ziren Bulebarrera. Jarraian, elkarretaratzea egin zuten Bulebarreko geltokiaren aurrean, eta agerraldia, Elkano kalean. “26 linearen murrizketak 2023an hasi ziren. Ordurako, linea horren zerbitzua ez zen nahikoa. Lau urte daramatzagu hobekuntzak eskatzen, lau urte, eta udalaren partetik ezezkoak eta murrizketa gehiago baino ez ditugu jaso”, salatu zuten auzo elkarteko ordezkariek.
Martuteneko erabiltzaileen eskaerak baztertzeko, Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak Dbus “defizitarioa” dela adierazi dio hainbatetan auzo elkarteari. “Nola jo daiteke zerbitzu publiko bat defizitariotzat? Nola uka daiteke oinarrizko premia bat onura ekonomikorik ekartzen ez duelako? Imajinatzen duzue osasun sailburua minbiziaren tratamendua ukatzen, defizitarioa delako?”, galdegin zuten. “Gure hiriaren errealitatea honako hau da: periferiako auzoetan batez besteko errentarik txikiena dugu, eta oso zerbitzu gutxi: ez dugu anbulatoriorik, ez dugu kiroldegirik, ez eta kultur etxerik edo bestelako aisialdirik ere, hala nola antzokiak, zinemak eta abar. Beraz, auzo hauetan mugikortasun eraginkorra beharrezkoa da hirian ekitatea eta gizarte kohesioa bermatzeko”, gaineratu zuten.
Dbusen erabiltzaile diren Martuteneko herritarrek “ia ordubete” galtzen dituzte egunero, “lau kilometro eskas dituen hogei geltokiko bidaia egiteko”. Horrekin batera, gogorarazi zuten auzoak ez duela topo zerbitzurik eta Renferen maiztasunak “oso murriztuta” daudela trenbidean egiten ari diren lanengatik.
Hobekuntzak
Bizi duten egoeraren aurrean, eta auzokideen artean egindako batzar ugariren ostean, “zerbitzu onartezina eta lotsagarria” hobetzeko eskaera egin zuten, Bulebarreko agerraldian. Bost lehentasun ezarri zituzten: “Maiztasunak hobetzea, bidaia denboren murrizketa, gaueko eta goizeko zerbitzuak zabaltzea, linea Etxarrieneraino hedatzea eta ospitaleekin loturiko zuzeneko autobusa ezartzea (31 linea)”. Bakoitzaren xehetasunak aurrez ere eskaini izan dituzte.
Martutenek eta Txomiñeneak “eskubideak” dituztela aldarrikatu zuten, “eta errespetatzeko eskatzen dugu”. Auzo “biziak” direla nabarmendu zuten, “gero eta erabiltzaile gehiago” dituztenak, Dbusen memoriak dioen moduan: “Gainera, Urumearen ibar osoan are gehiago hazteko aurreikuspenarekin”.
Auzo elkartearen arabera, “ezin da gure auzoen etorkizuna planifikatu, etxebizitza berriak eraikiz eta biztanleria handitu bertan duintasunez bizitzeko beharrezkoak diren zerbitzu publikoak bermatu gabe. Gure auzoek ezin dute hiriaren hirigintza interesetarako balio, bizilagunak garraio publiko gutxiegi izatera kondenatzen diren bitartean. Ez gara bigarren mailako herritarrak: Donostiako gainerakoen eskubide berak ditugu”. Horregatik, “konponbide, inbertsio eta konpromiso zehatzak” eskatu zituzten atzo: “Martutenek eta Txominek Dbus duin bat merezi dute, beren beharrak asetzen dituenak! Ez gara geldituko, konponbideak orain iritsi behar dira”.


