Guardetxea Parte Zaharreko ekipamendu bat izango da
Jon Insausti alkateak udalaren asmoa berretsi eta auzoko eragileekin lanean jarraitzen dutela nabarmendu du.
Parte Zaharreko Guardetxea, Urgull mendiaren magalean.Joseba Parron San Sebastian Donostiako Udal Gobernuak atzo jakinarazi zuenez, Guardetxea birgaitzeko 300.000 euro txertatu dituzte 2027ko udal aurrekontu proiektuan. Horren inguruan galdetuta, Jon Insausti alkateak berretsi du Guardetxeak Parte Zaharreko ekipamendu bat izan behar duela.
“Denbora daramagu auzoko eragileekin lanean”, nabarmendu du alkateak. Izan ere, Urgulleko mendi magalean dagoen eraikinaren etorkizuna eta erabilera “auzotarrekin batera definitu” behar dela esan du: “Uste dut plaza ireki bat izan behar duela, guztiok gustura sentitu behar gara eraikin horretan”.
Birgaitzeko diru sailari dagokionez, Insaustik esan du eraikina zahartua dagoela eta berritzeko premia duela. “Horregatik, baliabide ekonomikoak sartu ditugu, urtean zehar ere egin beharreko lanak egiteko, eta bitarte horretan auzotarrekin batera proiektu bat adosteko”, nabarmendu du.
Hain zuzen ere, eragileekin “diskrezioz” lanean ari direla adierazi du alkateak, eta “pozik” dagoela, “emaitza onak ematen ari delako”. Gainera, Parte Zaharrean eragile “biziak” daudela esan du.

