Guardetxea birgaitzeko 300.000 euroko zuzenketa txertatu dute 2027ko udal aurrekontuetan
Ogasun batzordean 50 zuzenketa inguru onartu dituzte, udal gobernuaren aurrekontu proposamenari 8 milioi euro gehitzeko.
Donostiako Guardetxea, Urgullen magalean.Joseba Parron San Sebastian Donostiako Udal Gobernuaren 2027ko aurrekontu proiektuari aurkeztutako 50 zuzenketa inguru onartu dituzte gaur, Ogasun batzordean. Horrela, 8 milioi euro inguru txertatuko dituzte proiektu batzuk hobetzeko eta handitzeko. Esaterako, 300.000 euro aurreikusi dituzte Parte Zaharreko Guardetxea birgaitzeko.
Ekarpen berri horietako asko Udal Finantzaketarako Foru Funtsari esker egin ahal izan dituzte. Izan ere, funts horrek hasieran aurreikusitakoa baino 9,7 milioi gehiago emango dizkio udalari. Era berean, etxebizitza hutsen ondasun higiezinen gaineko zergaren (OHZ) errekarguarekin eta katastro balioaren igoerarekin beste 1,5 milioi euro eskuratuko dituzte.
EAJk eta PSEk zuzenketak aurkeztu dizkiote beraien udal aurrekontu proposamen propioari. Esaterako, 1,2 milioi euro bideratuko dizkiote suhiltzaileen udal zerbitzuari; 660.000 euro Garberako egoitzako instalazioak berritzeko, 270.000 euro garraio materialerako eta 205.000 euro tresneriarako. Gogoratu behar da Donostiako Suhiltzaileen langile kolektiboak 2027ko aurrekontua “lapurtzea” egotzi ziola Jon Insausti alkateari. Hori dela eta, suhiltzaileen ordezkariak Insaustirekin bildu ziren, eta hark konpromisoa hartu zuen aurten blokeaturiko SPEISen inbertsioak eta datorren urterako aurreikusitakoak 2027ko udal aurrekontuetan txertatzeko.
Aieterako hobekuntzak
Aurrekontua hobetzeak Aieten eragin berezia izango duela nabarmendu du udal gobernuak. 338.628 euro inbertituko dituzte Easo Abesbatzaren egoitza berritzeko, eta beste 300.000 euro Jolastokia hobetzeko. Gainera, Proiektu eta Obren diru sailean, Bera Bera pasealekua berroneratzeko hirugarren faseari ekitea aurreikusten dute, eta horretarako proiektu bat idazten ari dira.
Beste zuzenketa batzuk ere aipatu dituzte: hiriko puntu kritikoak deritzenak hobetzeko beste 120.000 euro, eta 265.000 euro gehitu dituzte kooperazio esparruko diru laguntzetarako, hiriko kontuetan nazioarteko kooperazio arloan %0,7ra gerturatzeko helburuarekin.
EAJren eta PSEren zuzenketak osteguneko osoko bilkurara eramango duten aurrekontuari gehituko dizkiote. Horrekin batera, gainerako udal taldeen zuzenketak onartzeko aukera “zabalik” dagoela adierazi dute.

