Suhiltzaileek salatu dute alkateak aurrekontua «lapurtu» egin diela
2027ko udal aurrekontu proposamenak SPEISeko inbertsioei «zero euro» esleitzen dizkiela deitoratu dute. Ordea, Donostiako Udalak dio suhiltzaileen sailerako dirua egongo dela, aurkezturikoak «behin-behineko» aurrekontuak direlako.
Donostiako suhiltzaileen protesta bat, osoko bilkuren aretoan.LAB Donostiako Suhiltzaileen langile kolektiboak deitoratu duenez, 2027ko udal aurrekontu proposamenak Donostiako Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zuzendaritzako (SPEIS) inbertsioei «zero euro» esleitzen dizkie. «Donostiako alkateak suhiltzaileei aurrekontua lapurtu egin die», salatu dute. Udalak, ordea, hedabide honi adierazi dio suhiltzaileen sailerako dirua egongo dela.
Aurrekontu proposamena «behin-behinekoa» dela zehaztu du udalak, eta sailera dirua bideratzeko bi modu daudela: «Batetik, emendakinen bitartez, eta, bestetik, foru funtsetik etorriko den dirutik. Oraindik zehaztu gabe dago zenbatekoa». Udalak nabarmendu du suhiltzaileei hori bera esan diela, eta emandako hitza beteko duela.
Irailaren 1ean, Donostiako Tokiko Gobernu Batzordeak suhiltzaile etxea handitzeko proiektua onartu zuen. Hala ere, udalak SPEISeko bost inbertsio blokeatu egin dituela seinalatu dute suhiltzaileek: «Guztira, 408.133,88 euro dira, suhiltzaile etxea handitzeko diru zati osoa erabilgarritasunik gabe utzita. Orain, 2027ko proposamenak inbertsioen atala erabat ezabatzen du, nahiz eta suhiltzaile zerbitzua mantentzeko tasan 1.209.160 euroko diru sarrera aurreikusi».
Mesfidantza
Suhiltzaileek mesfidantzaz hartu dute udalaren erantzuna: «Ez gara fidatzen, ondo ezagutzen ditugulako. Dugun dokumentu ofizial bakarrak dio zero euro bideratuko dituztela inbertsioetara. Dirua egongo dela diote, baina ez akaso dagokiguna».
Kexatu izan ez balira, udalak ez zuela erreakzionatuko uste dute suhiltzaileek: «Aitzaki batekin edo bestearekin, esanguratsua da guk galdetu arte ez digutela esan kontuak behin-behinekoak direla. Zalaparta sortu izan ez bagenu, udalak erabakitakoa mantenduko luke».
Aurrera begira, Donostiako suhiltzaileek proposamen bat helarazi nahi diete udaleko beste alderdiei, 2027ko udal aurrekontuen proposamenari zuzenketa bat aurkez dezaten.

